Udaleko eta TXANDAko ordezkariek bilera egingo dute gaur arratsaldean.

2014/01/14
Merkatari elkartekoek, aurtengo plangintza eta iaz egin ziren ekintzen likidazio ekonomikoa aurkeztuko dute.

  Legealdi honetan ohiko dinamika bihurtu da udal ordezkariek eta TXANDAkoek urte hasieran bilera egitekoa. Herriko dendari eta ostalarien elkarteko kideek urte berrirako dituzten asmoak aurkezten dituzte. Elkarteko kideen formaziorako ikastaroak, herriko ikastetxe eta beste erakunde batzuekin elkarlanean gauzatzen dituzten ekimen bereziak, lehiaketak, promozio kanpainak eta dituzten produktuak ezagutzera emateko egun eta jarduera berezien berri ematen dute. Udalak, halakoetarako diru partida izaten baitu.

  2014rako plangintza aurkezteaz bat, amaitu berri den urtean egindako jardueren memoria ere errepasatuko da ekintzen justifikazio ekonomikoa zehaztuz. Horrela, udalak emandako diru laguntza likidatuko da.

  Baina zita, udalak eskuartean dituen beste proiektu batzuk azaltzeko ere aprobetxatuko da. Aipagarria da adibidez, txanpon edo moneta soziala martxan jartzeko ekimena. Herriko merkataritza suspertzeko iaz berritu zen PERCO dokumentuan jasotako proposamenetako bat da txanpon edo moneta sozialarena.

  Ohiko euroak erabili ordez Oñatiko denda edota ostalaritza lokaletan egiten ditugun erosketa edo kontsumizioak ordaintzeko sistema berria litzateke. Proiektua hasiera batetan udal langileekin frogatuko da. Hauek, programara atxikitzen diren denda eta taberna nahi jatetxeetan gastatzeko era honetako txartel edo bonoak jasoko dituzte. 2014ko aurrekontuetan 60.000 euroko partida dauka udalak. Esperientzia ondo badoa, herriko beste enpresa batzuetara zabaltzen ahaleginduk dira.

  PERCOa lantzen ari zela herriko merkatariek izan zuten proiektu honen berri baina gaurko bileran atzera azalduko zaie. Gaurkoa dena den, udala eta TXANDAko ordezkarien arteko bilera izango dela kontutan hartuta, txanpon edo moneta sozialaren egitasmo hau, hile akabera aldean egingo den beste bilera batetan zabalago azalduko da. Urtarrila ondarrean egin asmo den bilera horretarako egitasmoarekiko interesa duten denda, taberna, zerbitzu eta gremioetako ordezkariak gonbidatuko dira. Egitasmoa zertan den eta atxiki nahi dutenei zein urrats eman behar dituzten azalduko zaie. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!