Udalbatzako kideei, udal teknikariei, alderdiko lagunei eta bereziki familiei eskerrak emanez amaitu zen atzoko Osoko Bilkura

2019/05/03
Udal ordezkari izatea aberasgarria eta ohorea izan dela aitortuz berba egin zuten Mikel Biainek eta Lourdes Idoiagak

  2015-2019 legealdiko azken ohiko Osoko Bilkura izaki lan zerrendako azken puntuan Alkateak udalbatzari eskertza eta agurra gaia jasota zen. Mikel Biainek prestatuta zeraman idatzia irakurri zuen guztiei eskerrak emanez, eta oso hunkituta agertu zen Lourdes Idoiagak ere hitz egin nahi izan zuen.

  Udal arduretan ibili izana ikasketa prozesu oso berezia eta aberasgarria izan dela aitortu zuten biek eta ohorea izan dela herriaren alde aritzea.  Egindako lanagatik pozik azaldu ziren eta guztiok herriarekiko konpromiso eta maitasunez aritu direla esan zuten. Tarteka tira-birak izan direla onartu arren, denok herriaren onerako ari zirenaren ustean aritu direla adierazi zuen Mikel Biain alkateak.

  Udalbatzako kide guztiei, udal teknikariei, alderdiko lagunei eta bereziki familiei emandako laguntza eta babesa eskertu zieten. Eta geroz eta indibidualistagoa den gizarte honetan, udal ordezkaritzan bizitzan behin aritu beharko litzatekeenaren ideia planteatu zuen alkateak. Lourdes Idoiagak ere hari horri tiraka, udal jardunean aritzea Gobernu Kanpoko Erakundeen lanarekin parekatu zuen eta horretan ari diren eta etorkizunean arituko diren guztiak baliente batzuk direla esan zuen.

  Udaletxeko areto nagusian jende asko bildu zen atzo, udalbatzako kideak ez ezik, hurrengo udal hauteskundeetara aurkezten diren hainbat herritar ere hurbildu zen publiko gisa batzarra jarraitzera. Guztion txalo artean amaitu zen 2015-2019 legealdiko azken ohiko Osoko Bilkura. Bukaeran, talde argazkia atera zuten hedabideetako ordezkariek hala eskatuta.

Iturria: Oñati Irratia