Udalbatzako bost kidek maila ezberdineko dedikazioa izatea onartu du Osoko Bilkurak

2019/07/29
EH Bilduko lau eta EAJko bat dira

  Alkateak aurkeztutako proposamena bere horretan eta aho batez onartu zen azken Osoko Bilkuran. Erabateko dedikazioa izango duen alkateaz gain beste lau zinegotzi, dedikazio maila ezberdinez, liberatzea onartu zen. EH Bilduko hiru zinegotzik, Anik Zubizarretak, Xabier Igartuak eta Iñaki Olaldek, % 60, %50 eta % 30eko dedikazioa dute hurrenez hurren. Ainhoa Galdos bozeramale jeltzaleak berriz, % 60ko dedikazioa izango du irailaren 1etik aurrera, EAJ udal taldeak hala eskatuta. Alkatearen soldata gordina 3.480 euro hileko izango da eta gainontzekoena, 1.610 euro Zubizarretak, 1.341 Igartuak, 805 Olaldek eta 1.449 euro Galdosek.

  Zinegotzien ordainsarien inguruan, ekaineko Osoko Bilkuran hartutako erabakia aldatu egin zen asteartean, EAJk hala eskatuta; udal ordezkarien bertaratze kontzeptua ordaintzea erabaki zen. Batzordeburu ez diren zinegotzien hileko ordainsariari dagokio aldaketa. Ekainean onartutako diru kopurua bitan banatzen da eta zati bat zinegotzien bertaratze kontzeptuan ordainduko da. EH Bilduko ordezkariek dena den, bertaratze zatia kobratzeari uko egin zioten, udal jarduna herrigintza jardun gisa, eta ondorioz, ordain ekonomikorik gabeko jardun gisa ulertzen dutela argudiatuta. 

Iturria: Oñati Irratia