Udalak, Zubillaga auzoko 38an hutsik dagoen etxebizitza soziala alokairuan emateko deialdia kaleratu du.

2015/01/07
Interesatuek, eskaera aurkezteko, urtarrilaren 24ra arteko epea dute.

  Abenduko Osoko Bilkuran hartutako erabakia da. Zubillaga auzoko 38an udalak duen etxebizitza sozialean hainbat konponketa lan egin eta gero, alokairura ateratzea erabaki zen. Zubillaga auzoko 38an, lehenengo ezkerra den etxebizitza da udalak alokairura atera berri duena.

  Izaera sozialeko etxebizitzaz ari garenez, diru sarrera urriak eta etxe premia duenari alokatzea da helburua. Alde horretatik, ez da hileroko errenta kopurua zehazten eta maizterraren diru sarreren arabera zehaztuko da gerora, ordaindu beharko duen alokairua.

  Interesatuek bete beharreko oinarrizko baldintzak, erroldatze eta diru sarrerei dagokie. Hala, gutxienez 5 urtez Oñatin erroldatuta eta bertan bizitzen egotea ezinbestekoa da. Horrezaz gain, eskatzaileen eta bizikidetza unitateko kideen urteko diru-sarrerak, lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,7 aldiz handiagoak ez dira izan behar.

  Jasotzen diren eskaera guztiak, baldintza pleguan zehaztuta dauden baremo batzuen arabera neurtuko dira. Eskatzaile bakoitzaren gizarte eta familia egoera, orain arte izan duen bizilekuaren egoera, lan gaitasuna eta egoera ekonomikoa egiaztatu eta baloratuko dira. Horren arabera, puntuaziorik altuena lortzen duen eskatzaileari alokatuko zaio udalak Zubillaga auzoko 38an duen lehenengo ezkerra etxebizitza.

  Hartarako iragarkia, Gipuzkoako aldizkari ofizialean gaur bertan argitaratu da eskaerak egiteko epea irekiz. Eskaerak udal bulegoetan aurkeztu behar dira, horretarako azken eguna, urtarrilaren 24a izango dela kontutan hartuta. Bete beharreko baldintzei buruzko argibideak ere udal bulegoetan eskuratu daitezke.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!