Udalak zabor tasaren erroldaren ikuskapena egin du.

2013/12/04
145 etxe jabe zabor tasan alta eman gabe zeudenaz ohartu dira. Zergadun hauei jakinarazpenak bidaltzen hasi dira.

  Arrazoi ezberdinak tarteko hainbat etxe jabe zabor tasan alta eman gabe daudenaz ohartu dira errenta eta zerga bilketa teknikariak. Hauek arduratu baitira zabor tasaren errolda ikuskatzeaz. Zenbait kasutan, etxe jabeak ez du inoiz zabor tasa ordaindu ez baitu inoiz altarik eman. Eraikin berritan nahiz zaharretan etxebizitza dutenen kasuan gertatu da hori. Azken lau urteetako egoera aztertu dute udal teknikariek, eta zenbait kasutan, zabor tasa ez ordaintzeagatiko errekargoa aplikatuko zaie. Zabor tasan inoiz altarik eman gabeko 85 etxe jabe zenbatu dira.

  Beste 56 kasutan berriz, zabor tasa ez ordaintzearen arrazoia beste bat da. Inoiz alta emanda egonik ere, ur zerbitzuan baja eskatu eta automatikoki zabor tasan ere baja eman zitzaien etxe jabeak dira. Kontu egin behar baita Gipuzkoako Urak arduratzen dela ura eta zabor tasa kobratzeaz. Bi kontzeptuak errezibo berean jasotzen dira. Ur zerbitzuan baja ematerakoan, oker baino, zabor tasan ere baja eman zitzaien. Eta oker diogu urik ez izanagatik zabor tasa ordaintzea derrigorrezkoa delako.

  Azken atal batean, ura bakarrik ordaintzen duten etxe jabeak dira. 4 bakarrik dira kasuistika honetan daudenak.

  Udaleko errenta eta zerga bilketa teknikariek, esan bezala, etxe partikularretako zabor tasaren errolda errebisatu dute, bai herri gunean nahiz auzoetan dauden eraikinen zabor tasaren errolda ikuskatu dute eta halakorik ordaintzen ez duten 145 kasu antzeman dute.

  Guztiei, egoeraren berri ematen duten jakinarazpenak bidaliko zaizkie. Lehenak, atzo bertan banatzen hasi ziren. Gutunean, legez, etxebizitzan bizi ala ez, ura izan ala ez, zabor tasa ordaintzea derrigorrezkoa dela jakinarazten da eta udalak, Gipuzkoako Urak enpresari alta emateko aginduko diola. Gainera, atzeratutako tasak ordaindu beharko dituela ere zehazten da. Gehienera azken lau urteetako zorra erreklamatu daiteke eta zenbait kasutan hala egingo da. Guzti hori, esan bezala, banatzen hasi diren jakinarazpen agirietan azaltzen da.

  Ez da lehen aldia udaleko errenta eta zerga bilketa departamentuan zerga eta tasa ezberdinen errolda eguneratzen dena. Orain urte batzuk dela, garajeen errolda errebisatu zen.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!