Udalak SIM txartelak banatu ditu wifi konexiorik ez duten haur eta gazteen artean

2020/04/08
Etxetik on-line ikasten jarraitzeko baldintzak ziurtatu nahi dira

  Udala eta herriko ikastetxeak elkarlanean ari dira arrakalada teknologikoari aurre egiteko ahaleginean. Herriko haur eta gazte guztiek etxetik on-line ikasten jarraitu dezaten, wifi konexioa dutela ziurtatu nahi da.

  Martxoaren 13an aurrez aurreko eskolak bertan behera geratu zirenetik ikasleek on-line formatuan jasotzen dituzte irakasleen azalpen eta lanak. Horretarako internet konexioa eta tablet, ordanagilu, chromebook edo antzerako erremintak behar dituzte. Udala lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeekin harremanetan jarri zen egoeraren berri izan eta zituzten beharrak identifikatzeko. Hainbat ikaslek wifirik ez zutela edota mobila erabiltzen dutenez datuen kontsumoa berehala agortzen zitzaienaz ohartarazi zuten Ikastetxeek. Arazoa konpontzeko Izarkom telekomunikazio kooperatibara jo zuen udalak.

  Izarkom kooperatibak telekomunikazio zerbitzu eta hornidurak eskaintzen ditu. Covid-19aren ondorioz agerian geratu den arrakala teknologikoa pairatzen duten herritarrei laguntzeko SIM txartelak hornitzen hasi da. SIM hauek 17 GBeko datuak dituzte hilero eta mugikorrean edo tabletean sartuta wifi konexioa ahalbidetzen diote erabiltzaileari. Horrela, on-line eskolak jarraitu edota irakasleak bidalitako dokumentazioa jaso eta deskargatzeko aukera ematen diote ikasleari, eguneroko jarduna galdu gabe.

  SIM txartelak eskuratzeko 13 eskaera jaso ditu oraingoz udalak. Baina egoera luzatu daitekeela eta, ikastetxeekin harremanetan jarraitzen du, gehiago beharko balira ekartzeko. Txartel hauen kostua udalak ordainduko du. Egoera normaltzen denean txartelak desaktibatu egingo ditu Izarkomek eta funtzionatzeari utziko diote. 

Iturria: Oñati Irratia