Udalak, San Martin auzoan zozketatuko dituen babes ofizialeko 39 etxebizitzen adjudikazioa arautuko duen baldintza zerrenda onartu du

2011/12/28
Azken Osoko Bilkuran onartu zen baldintza plegoa. 4 kupo berezituko dira, horietako bat, 2 logeladun etxebizitzak eskatzen dituztenei zuzenduta.

  Onartutako baldintza plegoa, Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratuko da eta hortik aurrera iradokizunak edo erreklamazioak jartzeko hilabeteko epea irekiko da.

  Berez, 45 dira San Martin auzoko 6, 7 eta 8 zenbakiak izango direnetan eraikiko diren babes ofizialeko etxeak. Baina horietako 6 udalaren esku geratuko dira, behar sozioekonomiko bereziak dituzten lagunei zuzenduta. 6 etxebizitza horiek beraz,  adjudikazio prozeduratik kanpo geldituko dira.

  Beste 39 etxebizitzak, lau kupotan ezberdinduta zozkatuko dira, eta horretan datza hain zuzen, baldintza zerrenda honen berezitasuna, 6 etxe bi logelatako etxebizitzak eskatu dituztenen artean propioz zozkatzeko gordeko batira. Gainontzeko kupoak, orokorra, mugikortasun urria dutenena edo 5 kide edo gehiago dituzten bizikidetza unitateak edo familia ugariek osatzen dituztenak dira. Mugikortasun urria dutenentzat egokitutako bi etxe gordeko dira, hiru logelatako beste bi, familia ugarientzat eta gainontzeko 19ak kupo orokorrean daudenen artean zozkatuko dira.

  Deialdi honetan adjudikatuko diren 39 etxebizitzetatik 31 hiru logelatakoak izango dira eta 8 bi logelatakoak, elbarrientzako egokituko biak ere, halakoak, bi logelatakoak izango dira.

  San Martin auzoan eraikitzen ari diren babes ofizialeko 39 etxebizitza hauen zozketan parte hartu ahal izateko Etxebiden abenduaren 1a baino lehen izena emanda egon behar da. Eskatzaileak edo honen bizikidetasun unitateko kideren batek azken bi urteetan etenik gabe Oñatin erroldatuta egon beharko du. Baldintza hau ez da derrigorrezkoa izango mugikortasun urria duten pertsonentzat. Kasu honetan, etxebizitza eskuratzeko lehentasuna Oñatin erroldatutakoek izango dute baina beste herri batean erroldatuta daudenen eskaerak ere onartuko dira.

  Etxebizitza premiari dagokionean berriz, bizikidetza unitateko kide guztien jabetzak errebisatuko dira eta azken bi urteetan etxebizitza baten jabe ez direla egiaztatuko da. Halakoetan, datu ekonomikoak ere egiaztatu ohi dira. Kasu honetan, 2010. urteko diru sarrerak hartuko dira kontutan.

  Babes ofizialeko 39 etxebizitza hauen adjudikazio oinarrietan etxeari uko egiten diotenen kasuak ere aurreikusi dira. Hala, behar besteko arrazoirik gabe uko egiten diotenek ezin izango duten 3 urteko epean zozketa berri batetan parte hartu. Epe hori urtebetekoa izango da ordea, uko egitearen arrazoia momentuko egoera ekonomiko zaila baldin bada. Adjudikatutako etxearen azalera guztira, familiako pertsona bakoitzeko 15 metro kuadro erabilgarriko ratioa baino txikiagoa duenean ere, arrazoirik gabeko uko egitea onartuko da.