Udalak, San Juan kalean edota Zubikoako lurpeko aparkalekuan garajea duten herritarrei, kalea trafikorako itxita dagoen bitartean Kalegoienako parking-a doan erabiltzeko aukera eskaini die.

2013/05/08
San Juan kalean ur hoditeria aldatzeko lanak direla eta bi asteetan zehar ezin izango da kalera autoz sartu. Kaleko sarbidea eta lurrazpiko aparkaleku publikorako sarrera itxita izango da.

  San Juan kalean eta Zubikoako parking-ean garajea duten herritarrek ondorioz ezin izango dituzte erabili. Bertako bizilagun batzuen eskaerari jarraituz, Udal Gobernu Taldeak, Kalegoienako lurrazpiko aparkalekua doan erabiltzeko aukera eskaintzea erabaki du. Horretarako, interesatuek, dagokien eskaera egin behar dute udaleko hirigintza departamentuan.

  Horren berri ematen duten jakinarazpenak, San Juan kaleko bebarruetan jarri dira. Oharrean, eskaera egiteko ordutegia ere zehazten da: gaur, arratsaldeko 5etatik 6tara, bihar, goizeko 9etatik 11etara eta etzi, ostiralez, 11etatik ordu bietara. Goiz eta arratsaldeko ordutegi horrekin, beharra duten herritar guztiengana iritsi nahi da.

  Bitartean, eskatzaile bakoitzari emango zaizkion txartel bereziak prestatu dira. Txartel horiek, inolako ordainketarik egin gabe,  Kalegoienako lurpeko aparkalekuko barrera irekitzeko aukera emango die.
San Juan kaleko ur hoditeria berritzeko lanen ondorioz, kalea, goitik behera zulatzen ari dira. Horrek, autoen joan-etorria eragozten du. Zubikoako lurpeko aparkalekurako sarrera atzo itxi zen baina kalerako sarbidea gaur-bihar itxiko da. Eta printzipioz, datorren astean ere itxita mantenduko da. Ondoren, kalea, irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanak hasiko dira kalearen barrenetik gora.

  San Juan kalean garajea duten herritarrek hainbat egunetan autoa bertara sartzerik izango ez dutela kontutan hartuta, Kalegoienako parking-a doan erabiltzeko aukera eman die udalak.   

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!