Udalak osatu duen auzo eta baserri bideen inbentarioa ikusgai jarriko da Santa Anako sarreran.

2014/02/07
Erakusketan, jabego nahiz erabilera aldetik publikoak diren bideak jasotzen dituzten bi plano jarriko dira eta alegazioetarako orriak ere izango dira.

  Udaleko bide inbentario honetan, hormigoizko eta asfaltatutako auzo eta baserri bideak jaso dira. Udal jabetzakoak direnak nahiz historikoki, erabilera publikoa izan dutenak. Guztira, 70en bat kilometro bide inbentariatu dira.

  Urtebete pasa dela, egin zen bilketa lan hau auzo alkateen foroan aurkeztu zen. Planoen kopiak ere eman zitzaizkien auzokoei erakutsi ziezaieten. Lan horren ondorioz, zuzenketa eskaera batzuk jaso ziren udalean. Orain, planoak erakusketa batean jarriz, zabalpen handiagoa eman nahi zaio udaleko bide inbentarioari. Bide batez, legez agintzen den jende agirian jartzeko 30 eguneko tramitea beteko da.

  Astelehenean hasi eta martxoaren 10a arte, udaleko bide inbentario honen berri ematen duten bi plano jarriko dira Santa Ana aretoko sarrerakoan. Batean, hormigoizko eta asfaltatutako bideak azalduko dira, jabegoz nahiz erabilera aldetik publiko izaera dutenak. Bide bakoitzari eman zaion kode zenbakia ere agertuko da. Lehen plano honen osagarri, aipatu kodigo horiei dagozkien fitxak kontsultatu ahal izango dira. Fitxetan, besteak beste, bideei erabilera publiko izaera ematen dieten aztarna historikoa zehaztu da. 140 fitxa inguru jarriko dira bisitarien eskura. 

  Ikusgai jarriko den bigarren planoa berriz, argazki zaharrez, 1954an atera ziren argazkiz osatu da.

  Udaleko bide inbentarioa erakusketa bidez jende agirian jartzeak helburu bikoitza du: herritarrei, bereziki auzotarrei, lanean jaso diren auzo eta baserri bideen berri ematea batetik, eta oker egon daitezkeen datuak zuzentzea bestetik. Asmo horrekin, alegazioetarako orriak ere eskuragarri jarriko dira erakusketan. Bertan beteta, propio jarriko den kutxan utzi ahal izango dira edo etxera eraman eta lasai bete ondoren, udal bulegoetan ere utzi ahal izango dira.

  SENDO enpresa bizkaitarrak 2012an osatu zuen udaleko bideen inbentarioa oinarri hartuta antolatu den erakusketa hau, Santa Ana aretoko sarrerakoan martxoaren 10a arte ikusgai izango da. Astelehenean irekiko da eta astelehenetik ostiralera, goizeko 9etatik iluntzeko 8ak arte zabalik mantenduko da.   

Iturria: Oñati irratia

Irudia: Oñatiko Udala