Udalak, lege aholkularitza zerbitzua kontratatzeko lizitazioa hasi du.

2014/12/10
Kontratua, publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiliz egin asmo da.

Udalaren aholkularitza juridiko zerbitzuaren kontratua bideratzeko baldintzak zehaztuta, arloko hainbat enpresa gonbidatu dira lizitazioan parte hartzera.

Kontratatu nahi den zerbitzu juridikoak, Udalbatzaren Idazkaritza Orokorrari laguntza eman beharko dio eskatutako txosten eta irizpen juridikoak eginez. Administrazioarekiko auzi-prozesuetan udalaren defentsa juridikoa egingo du. Baita administrazio- jarduerarekin zuzenean erlazionatuta dauden gaietan ere.

Zehaztutako lizitazio baldintzen arabera, aholkulari juridiko zerbitzu zuzena ere eman beharko du enpresak, bi astean behin goiz batez udaletxean egonda. Udalaren lege aholkularitza zerbitzua hartzen duen enpresaren oinarrizko egitekoak zehaztu diren bezala, gehienezko aurrekontua ere finkatu da deialdian. Hala, Udalak aurrekontuko 6.600 euro, gehi BEZa, erabiliko ditu kontratazio honetarako, hau da, 600 €/hileko 11 hilabetean.

Epaitegietako auzien kasuan, Legelarien Euskal Kontseiluak ezarritako zerbitzu-sarien parekoa ordainduko da %25eko gutxieneko murriztapenarekin Zerbitzua emateko epea, hasiera batean bi urtekoa izango da beste bi urtez luzatu daitekeelarik, beti ere, bi aldeak ados badaude.

Udalaren lege aholkularitza zerbitzua kontratatzeko lizitazio prozesua martxan da jada. Enpresen proposamenak jasota, hiru izango dira kontratuaren adjudikaziorako baloratuko diren irizpideak: eskaintza ekonomikoa, txosten teknikoa eta proposatzen diren hobekuntzak.

Iturria: Oñati irratia