Oñatiko udala

Udalak, landa garapena, auzoak eta ingurumen alorrerako teknikari bat hautatzeko prozesua abian du

2015/09/02
Card image cap
Interesatuek, izena, irailaren 8a bitartean eman dezakete

  Langile berriak bitarteko funtzionario izaera izango du eta Udalak aldi baterako onartu duen programa aurrera eramateko kontratatuko da, hasieran, urtebeterako. 

  Landa garapena, auzoak eta ingurumen alorreko teknikari lanpostura aurkeztu ahal izateko, basoko ingeniaritza teknikoa, nekazal ingeniaritza teknikoa edota ingurumen zientzietako lizentziaturaren lehenengo hiru ikasturteak gaindituta izatea edo pareko formazio akademikoa izatea eskatzen da. Euskarari dagokionean berriz, laugarren hizkuntza eskakizunaren maila izatea. Oinarrizko baldintza horiek betetzen dituzten bi lagunek dagoeneko beren eskaerak aurkeztu dituzte udal bulegoetan, lanposturako deialdia, abuztuaren 19an argitaratu baitzen. Baina interesa duenak oraindik denbora dauka, eskaerak egiteko epea hilaren 8an amaituko baita. Eskaera egiterakoan zehaztutako formazioa akademikoari eta euskara ezagutzari buruzko agiriak ez ezik, bestelako formazio osagarriari eta arloan izandako lan eskarmentuari dagozkion egiaztagiriak ere aurkeztu behar dira, horiek, merituen atalean kontutan hartuko baitira.

  Landa garapena, auzoak eta ingurumen alorreko udal teknikari berriaren ardurapekoak izango dira besteak beste, baserri seinaleen proiektuaren garapena, suteen aurkako plana garatzea, udalaren lursail patrimonialen inbentarioa eguneratu eta basoen antolamendu plana egitea, urteko jasangarritasun programa diseinatu eta gauzatzea, mendiko lanak egiteko lan taldearen  eta bere lanen zuzendaritza eta ikuskaritza, auzo konpost guneen eta aisialdi baratzen kontrola eta jarraipena, elurra kentzeko lanetan ekipoak zuzentzen laguntzea, auzo bideen konponketak ikuskatzea eta aurrez, auzo bideen konponketa plana eta obra proiektuak egiten laguntzea.

  Lanpostua ahalik eta epe laburrenean bete asmo da. Hautaketa prozesua berehalakoan martxan jartzea aurre ikusten da. Deialdiarekin batera, azterketetarako oinarri izango den gaitegia argitaratu da. Guztia, ikusgai dago www.oñati.eus udaleko web atarian. Azterketaldian, hatuagaiek ariketa teoriko eta praktiko bana gainditu beharko dute eta 4. hizkuntza eskakizunari dagokion agiria aurkezten ez dutenek euskarazko froga ere egin beharko dute. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!