Udalak, kontsumo arduratsuaren alde apustua egiteko deia luzatzen die herritarrei.

2012/12/19
Udalak, herriko ekoizle eta merkatari nahiz ostalarien aldeko konpromisoa berretsiz, Gabon jai hauetan, bertako eta garaiko produktuak erantzukizunez kontsumitzeko gonbidapena egin die.

  Herriko komertzio txikiko ordezkari, ostalari, nekazari eta artzaintzako ordezkariak inguruan zituela Mikel Biain alkateak, kontsumo arduratsuaren alde apustu egiteko deia luzatu zien oñatiar guztiei, ez dutenekin elkartasunez eta bizi dugun egoera ekonomikoaren jakitun.

  Kontsumo arduratsua zer den definitzerakoan, hurbilen ditugun dendari, ostalari, nekazari eta abeltzainengana jotzea arduraz eta erantzukizunez kontsumitzea dela zioen alkateak.

  Alde horretatik, udalak, herriko ekoizle eta merkatari nahiz ostalarien alde hartu duen konpromisoa berretsi zuen. Alde horretatik, azken hilabete hauetan diruz lagundu eta martxan jarri diren bi proiekturen berri eman zen: BOMAG, Bizi Oñatin magazina eta Oñatiko QR kodea. Biak, herriko merkatari, ostalari eta profesionalek egiten duten lan horren erakusle bihurtzeko lan tresna gisa sortu dira.

  TXANDA dendarien elkarteko ordezkariek, beren aldetik, aurtengo Gabonetarako martxan dituzten promozio eta lehiaketen berri eman zuten. Txanda txartela erabiliz deskontuetarako sariak eskuratzeko aukera edota Prezio eta pisu zehatza asmatzeko lehiaketak.

  Bide batez, datozen jai eta opari egun bereziei begira elkarteko zenbait dendek izango duten ordutegia ere aurreratu zuten. Zapatu arratsaldean, normalean itxita izaten diren hainbat dendek ateak irekiko dituzte Eguberrietako erosketak lasai egin ahal izateko. Gabon egunean eta Errege bezperan ere, eguerdian beranduago itxiko dute eta arratsaldeko ordutegia moldatuko dute.

  Udal ordezkariak, herriko dendari txiki, ostalari, nekazari eta artzainez inguratuta agertu ziren atzoko prentsaurrekora.   

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!