Udalak kale garbiketa zerbitzuaren kudeaketa zuzena hartzearen bideragarritasun ekonomikoa azaldu zen atzoko bilera informatiboan

2016/01/20
Card image cap
Langileekin arazorik ez dagoela eta erabakia FCCrekin izan diren gora beherengatik hartu dela adierazi zuen alkateak

  60ren bat herritar, tartean, egun kale garbiketan diharduten langileak zirela egin zen Udal Gobernu Taldeak deitutako informazio bilera irekia. Alkateak, zerbitzua Udalak berreskuratzeko erabakia zergatik hartu zen azaldu zuen, eta FCCrekin izan diren arazo eta tira-biren berri eman zuen. Zaharkitutako lan makinaria ez berritu, bajan dauden langileak ez ordezkatu edota amortizatutako gastua fakturatzen jarraitu izana aipatu zituen, besteak beste. 
Guzti horren ondorioz, abenduko Osoko Bilkuran, kale garbiketa zerbitzua berreskuratu eta Udalak zuzenean kudeatzea erabaki zela esan zuen.

  Zuzeneko kudeaketa horrek zerbitzua eraginkorragoa izatea ez ezik, ekonomikoki jasangarriagoa izatea ere ekarriko duela adierazi zuen alkateak eta datuak eman zituen. FCCrekin izenpetutako kontratuak, urtean ia 521 mila euroko kostua du Udalarentzat.  Egungo pertsonal eta tresneria baldintzak mantenduta, hau da, 7 langile lan jardun osoz eta beste hiru asteburutarako kontratatuta eta erratz makina bat mantenduta, udalak, % 15eko aurrezpena izango luke zerbitzuaren kudeaketa zuzena eginda. 10 langile jardun osoz kontratatuta ere, aurrezpena, ia % 4koa litzatekeela zehaztu zuen Mikel Biainek. Eta udaleko zerbitzu teknikoek aurreikusitako egoera optimoenean, hau da, zerbitzua egokien emateko aukeran, 10 langile jardun osoz eta beste bi pioi lau hilabetetarako errefortzu moduan kontratatuta eta bi erratz makina lanean jarrita, egungo kostua baino % 7 pasa garestiagoa litzateke kale garbiketa zerbitzua. Hori, egun ematen den zerbitzua kualitatiboki hobetuko luke. Guzti horrek eta zerbitzua publikoaren aldeko jarrerak, kale garbiketa zerbitzua zuzenean kudeatzea justifikatzen duela esan zuen alkateak.

  Erabakia, FCCrekin izan diren gorabeherek eragin dutela esan zuen alkateak eta inondik ere ez, langileekin arazorik izan delako. Atzo arratsaldean kultur etxean egin zen bilera irekira kale garbitzaile batzuk joan ziren. Langileen izenean berba egin zuen ordezkariak eskerrak eman zituen Udala hasieratik eurekin harremanetan egon delako. Gertatu daitekeenaz kezkatuta daudela onartu zuen eta dena ondo amaitzea espero dutela esan zuen.
Egungo langileen subrogazioari buruz alkateak argitu zuen administrazio publikoak ezin duela horrelakorik egin, lanpostu publikoak betetzeko herritarren konkurrentzia edo lehia eskubidea bermatuko dutela. Baina legeak ahalbidetzen duen neurrian, malgutasunez jokatzeko asmoa dutela zehaztu zuen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!