Udalak, Jose de Azpiazu musika eskolari emango dion urteko diru laguntzaren erdia aurreratzea erabaki du, 47.000 euro pasa.

2013/02/12

  Udalak, eta Jose de Azpiazu musika eskolak, orain 12 urte, 2001ean sinatu zuten elkar lan eta finantziaziorako hitzarmena. Horren arabera, udalak, ia 95 mila euro emango dizkio musika eskolari aurtengo diru laguntza kontzeptuan.

  Kopuru hau, 4 zatitan ordaintzen zen lehen. Baina eskolak dituen beharrei aurre egin ahal izateko ordainketa bi zatitan egitea eskatu zuten bertako arduradunek. Urte hasieran erdia eta uztailean beste erdia, eta hala egin da 2008az geroztik.

  Orain, 47 mila euro pasako diru laguntza emango dio udalak musika eskolari. Horrezaz gain, udal gobernu taldeak, uztailean beste erdia ordaintzeko konpromisoa hartu du.

  2013a urte berezia da Jose de Azpiazu musika eskolarentzat: 25. urteurrena ospatuko du eta horren aurrerapen gisa, MUSIKALDIA Oñatin egingo da. Musikaldia, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Musika eskolek elkarrekin ospatzen duten jai-egun berezia da. Musika eskola ezberdinetatik datozen musikari gazteen jarduna egun osoz kalean gozatzeko aukera ematen duen festa berezia da MUSIKALDIA. Aurten, apirilaren 27an izango da eta Jose de Azpiazu musika eskolak hartuko du antolakuntza karga nagusia. 

  Oñatin ospatuko den MUSIKALDIA jairako lema: “barrenetik sentitu, bizi, musika gozatu!” izango da eta hori iragartzen duen kartela dagoeneko gertu dago. Hostoen ordez musika notak dituzten zuhaitz eta adarren erdian, txantxiku kantari bat ikusi daiteke. Ia bi hilabete eta erdi falta dira oraindik MUSIKALDIA egunerako, baina aipatu kartelak, laster kalean ikusi ahal izango ditugu.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!