Udalak Jakion enpresan zuen partaidetza XOCONOSTLE enpresari saldu dio

2019/06/11
Card image cap
Jakion Leintz Gatzagatik Eskoriatzara aldatuko da

  Xoconostle enpresak elikagaien transformaziorako proiektu industrialen sortze eta garapenean dihardu. Bost bazkide nagusi biltzen ditu: Bizkaiko Garaia eta Barrenetxe eta Arabako Garlan kooperatibak, Gipuzkoako Horticultura Alberro elkarte merkantila eta Bilbon egoitza duen Fresh Business Food & Nutrition enpresa. Xoconostle Jakion enpresaren jabe bihurtu da, besteak beste, Oñatiko udalak zuen partaidetza erosita.

  Jakion 1996an sortu zen Debagoienako udalen eta hainbat baserritarren partaidetzaz. Helburua, eskualdean ekoizten ziren fruta eta barazkien transformazioa zen, kontserbak eta marmeladak egin eta merkaturatzeko. Orduko hartan Oñatiko udalak enpresan parte hartzea erabaki zuen, 123 akzio erosiz. Enpresaren kapital sozialaren %16,40 bereganatu zuen udalak, 2017ko inbentarioaren eguneratzearen arabera, 14.785 euroko balioarekin. Baina akzio haien balioa asko jaitsi da azken urteetan. Hala, balorazio berria eginda, Udalak Jakionen zuen partaidetza ia 2000 eurotan saldu dio Xoconostle SL enpresari.

  Jakion enpresa talde berrian sartuko da baina Debagoienarekin eta baserritarrekin zuen konpromisoari eutsiz. Hala, Xoconostle  Landaolarekin, Gipuzkoako Landa Garapenerako elkarteen Federazioarekin harremanetan dago Jakionen partaide bihurtu dadin. Bitartean, Jakion herriz aldatuko da eta sorreratik Leintz Gatzagan izan duen egoitza utzita Eskoriatzara aldatuko da. Proiektu berria martxan jartzeko prozesuan Eskoriatzako udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izango du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!