Udalak Iturrigorritik ateratako su egurra salduko du bigarren urtez.

2012/04/02
Pagadian zuhaitz motz berriak sortzeko egingo den kimaketetatik ateratako su egurra erosteko eskaera apirilaren 3tik 17ra udal bulegoetan egin behar da.

  Tradizioz gure basoetan izan diren pago motzak mantentze aldera Iturrigorriko pagadian LIFE biodibertsitatea programa gauzatzen ari dira. Hala, aurten ere,  40-70 urte bitarteko pagoei adarrak moztuko zaizkie. Hortik sortzen den egurra, sutarako salduko da.

  Su egurra, 20-60 zentimetro bitarteko diametroa duten 5 metro inguruko enborretan emango da eta guztira, 13-15 tonako kamioikadak salduko dira. Guztira, Itturrigorritik, halako 25en bat kamioi ateratzea aurre ikusten da. Herritarrei, su egur kamioikada 550 eurotan erosteko aukera eskaintzen zaie. 

  Su egurraren garraio eta zamatze lanak Udalaren kontura izango dira. Kamioia eskatzaileak aldez aurretik esandako tokian hustuko da. Kontuan hartu behar da, hori bai, egurra uzteko aukeratzen duen lekua Oñatin egon behar duela, kamioia bertaraino iristea ahalbideratu beharko duela eta ezingo dela egurra eremu publikoan utzi.

  Interesa duenak oinarrizko baldintza batzuk ere bete behar ditu: Oñatin erroldatuta egon behar du eta erositako su egurra norberaren etxeko kontsumorako izan behar da. Alegia, ezin da su-egur hori beste bati saldu. Su-egurra deskargatuko den lekua eskaera orrian adierazi beharko da eta hori, lehen esan bezala, ezin izango da lur publikoan egon.

  Eskabideak aurkezteko epea datorren asteartean, apirilaren 3an irekiko da eta 15 egunez luzatuko da, apirilaren 17ra arte, hain zuzen ere. Eskaera horiek udal bulegoetan presentatu behar dira.

  Baserri edo etxebizitza bakoitzeko eskatzaile bakarra onartuko da. Deskuidoan, jasotako eskaerak berez ateratzen diren kamioikadak baino gehiago badira, esleipena zozketa bidez erabakiko da. Horretan, lehentasuna, aurreko urteko zozketan sarituak izan ez zirenak izango dute. Egurra, azkenik, esleitu edo zozketa egin ondorengo bi hilabeteetan entregatuko da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!