Udalak, igeltsero ofizial bat aldi baterako izaeraz kontratatzeko deialdiaren oinarriak aldatuta, izen emate berria ireki du.

2013/05/20
Interesatuek, ekainaren 4ra arteko epea dute izena, udal bulegoetan emateko.

  Euskarari dagokion oinarria da aldatu dena. Ezagutzari dagokionez, 2. hizkuntza eskakizunaren maila izatea mantentzen da baina ez dago agiri bidez egiaztatu beharrik. Udalaren kontura izango da, hautagaiek maila hori badutela ziurtatzeko froga egitea.

  Apirilean egin zen lehen deialdira, 9 hautagai aurkeztu ziren. Baina gehiago izan ziren, euskara ezagutza maila bai baina egiaztagiririk ez zutenez, hautaketa prozesutik kanpo geratu beharra komentatu zutenak. Udalak, gaia aztertu du eta egiaztagiria aurrez eskatu gabe, euskarari dagokion ezagutza hautaketa prozesuan sartzea erabaki du. Hau da, hautagaiek, eskatutako euskara maila badutela udalak propio egingo duen azterketan egiaztatu ahal izango dute.

  Euskarari dagokion baldintza horrezaz gain beste bi baldintza bete behar dira, udalak aldi baterako izaeraz kontratatu nahi duen igeltsero ofizial lanpostura aurkeztu ahal izateko: eskola graduatua, lanbide heziketa bat igeltserotza arloan edo pareko titulazioa izan behar da eta B gida baimena. Derrigorrezko hiru baldintza horiezaz gain, igeltsero ofizial gisa egiaztatutako esperientzia eta bestelako prestakuntza ikastaroak baloratu egingo dira.

  Guzti hori frogatzen duten agiriak, eskaera orriarekin batera aurkeztu behar dira. Hau da, nortasun agiriaren kopia eta eskatutako titulazioaren fotokopia aurkeztu behar dira baina baita lehiaketa fasean baloratuko diren merituen fotokopiak ere.

  Igeltsero ofizial bat aldi baterako izaeraz kontratatzeko bigarren deialdi honetara aurkezteko epea, ekainaren 4ra arte luzatuko da. Aurrez, izena emana duten 9 hautagaiek ez dute berriro egin behar.

  Orain kontratatu asmo den igeltsero ofizial honek udal brigadan egingo du lan. Bere ardura nagusia, udal eraikinetan eta kale plazetan konponketa eta mantentze lanak egitea izango da. Hala, kale eta plazetan, baldosak, zintarriak, galtzadarriak edota asfaltoa aldatzeko lanak egin beharko ditu, udal eraikinak kontserbatu eta mantentzeko lanetan ere jardun beharko du eta hiri altzariak, eserlekuak, oztopo zutoinak edo trafiko seinaleak jarri beharko ditu. Igeltserotzari zuzenean ez dagokion arren, udaleko lan taldeak egin ohi dituen pintaketa eta garbiketa lanetan edota jaietako eszenatokian muntatu eta jasotzeko lanetan ere jardun beharko du.  Asmoa, udarako jada, brigadarako igeltsero ofiziala lanean hasita egotea da.

  Udalak, aldi baterako izaeraz egingo duen kontratu honi buruzko argibide gehiago nahi dituenak, udaletxean edo udal web orrian topatuko du: www.oinati.net atarian.

Iturria: Oñati irratia