Udalak hainbat azterketa praktiko egingo ditu datorren astean

2016/01/12
Astelehenean pioi gidari lan poltsarako eta asteartean, landa garapena, auzoak eta ingurumen teknikari lanposturako

 Gabonetako etenaren ondoren, lan arloko hautaketa prozesuak berriro abian jarriko dira Udalean. Datorren asterako bi azterketa praktiko finkatu dira: astelehenean, pioi gidari lan poltsarako, kamioiari dagokion froga egingo da eta asteartean, landa garapena, auzoak eta ingurumen teknikarirako ariketa praktikoa. 

  Pioi gidari lan poltsari dagokionean, aurreko azterketa teorikoa gainditu zuten 7 lagunek dute astelehenerako hitzordua. Azterketa praktikoaren zati bat, kamioiari dagokiona egin beharko dute. Horretarako, Eltzian, Larraña 16an jarri da zita. 9.30tan hasiko da proba eta hautagaiek, C gidabaimena eta CAP agiria eraman beharko dute.

  Asteartean berriz, landa garapena, auzoak eta ingurumen alorrerako teknikari lanpostura aurkeztu direnek izango dute azterketa praktikoa. 5 lagun presentatu ziren baina bik ez zuten aurreko ariketa teorikoa gainditu. Ondorioz, hiruk bakarrik izango dute froga praktikoa egiteko aukera. Aurrez zehaztu eta deialdiarekin batera argitaratu zen gaitegia oinarri hartuta, bete beharreko lanekin zer-ikusia duen kasu praktiko bati edo batzuei erantzutea eskatuko zaie. Landa garapena, auzoak eta ingurumen teknikari lanposturako azterketa praktikoa, udaletxean egingo da, asteartean,10.00tan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!