Kale garbiketa prozesuko hautagaiek IVAP-ek antolatutako azterketa ofizial batean egiaztatu beharko dute euskara maila

2016/06/10

  Kale garbiketa zerbitzuan arituko diren pioi eta pioi gidariek, azterketaldian, ariketa teorikoa eta praktikoa egin eta gainditu beharko dute soilik. Euskarari dagokionean, lehenengo hizkuntza eskakizuna 2019. urte akabera baino lehen egiaztatzea zehaztu zen lanpostu deialdietan, eta hasieran, baztertzailea izango ez zen euskarazko azterketa egitea aurre ikusi zen arren, ez da hala egingo. Alkate dekretuz erabaki da euskarazko azterketarik ez egitea. Baina, hautagaiek, aukera ezberdinak izango dituzte hizkuntz maila hori egiaztatzeko.

  Berez, IVAPek, Herri Administrazioaren Euskal Erakundeak dauka hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko irizpide eta edukiak finkatzeko ardura. Erakunde honek berak oso maiz egiten ditu hizkuntza eskakizun horiek egiaztatzeko azterketak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban. Beraz, kale garbiketa zerbitzuan arituko diren langileek, halako azterketa ofizialen batean kreditatu beharko dute eskatutako ezagutza maila. Udalak, esan bezala, ez duelako euskara azterketarik egingo hautaketa prozesuan.

  Hautaketa prozesu horietara aurkeztu direnen onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak astean zehar argitaratu dira bestalde. Gaurtik aurrera berriz, erreklamazioak aurkezteko epea ireki da. 10 eguneko epe hori, ekainaren 20an amaituko da. Pioi lanpostuetarako 59 lagun aurkeztu ziren baina 19 baztertu ziren eskatutako baldintzaren bat ez zutelako behar bezala egiaztatu. Pioi gidaritarako aldiz, 20 lagun aurkeztu dira, eta behin behineko izaeraz 3 baztertu dira. Kasu guztietan, erreklamazioak aurkeztu edo dokumentazioa osatzeko, ekainaren 20ra arteko epea izango da.    

Iturria: Oñati Irratia