Udalak, euskara teknikari lanpostua betetzeko prozesua martxan jarri du.

2012/06/11
Azken osoko bilkuran lanpostuari dagozkion oinarriak onartu ondoren, iragarkia, Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu da gaur.

  Baina hori tarteko tramitea besterik ez da. Lanpostura aurkeztu nahi dutenek iragarkia Estatuko Boletinean argitaratzearen zain egon beharko baitute izena emateko. Oharra, BOEn kaleratu ondoren, 20 eguneko epea irekiko baita eskaerak aurkezteko.

  Lanpostura presentatu ahal izateko, euskal filologian diplomatura edo pareko titulazioa izan behar da eta euskarari dagokionez, laugarren hizkuntza eskakizuna izan behar da.

  Iaz erretiroa hartu zuen langilea ordezkatuko duen euskara teknikari berriak, euskarari dagokionez, zerbitzuarekin zerikusia duten gaien jarraipena egin beharko du eta arduradun politikoekin bilerak egin beharko ditu. Gainera, udaleko beste departamenduekin harremanak izango beharko ditu, euskara alorreko aurrekontua gertatu eta kudeatzeko lanetan. Euskara eta hezkuntza udal batzordean parte hartu eta euskara alorrari dagozkion aktak egin beharko ditu. Era berean bere ardurapekoak izango dira, euskara alorreko gaien dokumentazioa tramitatu, testu administratibo, tekniko eta juridikoak itzuli eta zuzentzea eta beste udaletako euskara teknikariekin bilerak egitea. Baita, hala beharko balitz, Osoko bilkuretan zinegotzi erdaldunei bat-bateko itzulpena egitea. Horiek, esan bezala, euskara teknikari lanpostuari dagozkion eginkizunetako batzuk.

  Guztiak ezagutu nahi dituenak, udaleko web orrian topatuko du Gipuzkoako aldizkari ofizialean gaur argitaratu den iragarki osoa eta bertan, hartu beharreko ardurak edo lanpostura presentatu ahal izateko baldintzak ez ezik, hautaketa prozesuaren inguruko argibideak ere topatuko ditu. 

  Udalak, euskara teknikari lanpostua oposizio-lehiaketa sistemaz beteko du. Oposizio edo azterketaldian lau ariketa teoriko-praktiko gainditu beharko dira eta lehiaketa fasean berriz, formakuntza eta lan esperientzia baloratuko dira.

  Euskara teknikari lanpostu hau, 2012ko lan eskaintza publikoan jaso ziren sei lanpostuetako bat da, kaleratzen den lehena.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!