Udalak, etxez etxekako laguntza zerbitzua kontratatzeko deialdia kaleratu du

2016/01/22
Card image cap
Proposamenak aurkezteko epea otsailaren 8an amaitzen da

  Etxez etxekako laguntza zerbitzua emango duen enpresa aukeratzeko lizitazioa orain abiatu den arren, 2017ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.  Bitartean, 2011az geroztik zerbitzuaz arduratzen den EULEN enpresarekin kontratua dauka Udalak. Beraz, deialdia orain argitaratu da baina hautaketa prozesua lasai egiteko aukera dago.
Oñatin eta Udalarekin elkar lanean, etxez etxekako laguntza zerbitzuaz arduratuko den enpresa kontratatzea da lizitazio deialdi honen helburua. Hasiera batetan bi urtetarako kontratua sinatuko da baina beste bi urtez luzatzeko aukera jaso da deialdian. Gaur egun, 34 lagun daude etxez etxekako zerbitzu honetan lanean, ordezkapenak egiten dituztenak barne. Kontratu berria lortzen duen enpresak langile horiek hartu beharko ditu, langileen subrogazioa jaso baita lizitazio baldintzetan.

  Etxez etxekako laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie; etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beren burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua da. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz. Gaur egun, 70en bat herritar, familia dira etxez etxekako laguntza zerbitzua jasotzen dutenak.

  Baina zerbitzuaren erabiltzaileen kopurua aldakorra da, eta ondorioz, Udalak, kostuaren gutxi gora beherako kalkulua egin du kontratu berria lizitatzerakoan. Urteko 30.000 ordu bete beharko liratekeela kalkulatuta, lizitazio aurrekontua 661 mila eurotan finkatu du lehen urterako. Baldintzetan, eskaintzaren gehienezko prezioa orduka ere finkatu da, hala, astelehenetik larunbatera betetzen den zerbitzu ordu bakoitzeko gehienez 23 € ordainduko ditu Udalak eta igande eta jai egunetan betetzen denagatik berriz, 28.75 €.

  Lizitazioari buruzko xehetasunak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean asteartean argitaratu zen iragarkian ikusi daitezke. Oharrean, aurkeztu asmo duten enpresek presentatu beharreko dokumentuak ere zehazten dira. Proposamenak, hiru kartazaletan aurkeztu beharko dira: lehenean, enpresari dagozkion egiaztagiriak jaso beharko dira; bigarrenean, zerbitzurako memoria teknikoa eta hirugarrenean, eskaintza ekonomikoa. Guztia aurkezteko azken eguna, otsailaren 8a izango da. Aipatu memoria teknikoa izango da bereziki baloratuko dena, 10eko puntuazioan, txosten teknikoak gehienez 6 puntu jasoko baititu eta eskaintza ekonomikoak 4.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!