Datorren astean hasiko dira San Lorentzoko jolasgunea eraldatzen
Gaia atzo aurreratu genuen, lanak esleitzekoa baitzen Tokiko Gobernu Batzarrean. Erabakia hartu da eta K1 Ekopaisaia enpresak egingo ditu San Lorentzo auzoko jolasgunea egokitzeko lanak, datorren astean bertan hasita. Projekta Urbes enpresak osatu zituen Jolastuku herriko jolasguneen plana eta San Lorentzorako proiektua hartuko dira oinarritzat lanak egiteko. Bi berdegune moldatuko dira egungo jolasgunearen alboan, 0-3 urte bitarteko haurrei bideratutako espazioak egokitzeko. HIru eremu eratuko dira, hondar, pinu azal eta kortxozko zoruekin eta jolaserako elementuez hornituko dira: harriak, enborrak, aulkiak edota mahaiak. Horiekin batera, hesiak, eserlekuak eta seinaleztapena jarriko dira. Jolas material naturalak eta testura desberdinak erabiliko dira, gaztetxoenei esperimentatzeko eta ikertzeko aukerak eskainiz esan du Ekhiñe Mendik, Haur eta Gazteria batzordeburuak.
Haur txikientzako jolas parke naturalizatua eraikitzeko egitasmoa 2025eko aurrekontuetan jaso zuen Udalak eta lanak aurten egiteari lehentasuna eman zaio esleipen prozesuan. Izan ere, bi enpresen aurrekontuak jaso ziren baina batek lanak berehala egiteko ezintasuna azaldu zuen eta 2026ko otsailean hastea proposatu zion Udalari. Enpresa horren aurrekontua merkeagoa izanik ere, lanak lehenbailehen hastea lehenetsi da eta kontratua K1 Ekopaisaia enpresarekin sinatzea erabaki zen atzoko Gobernu Batzarrean. Datorren astean bertan hasiko dira lanok eta hilabeteko epean burutzea aurreikusten da. 48.211 euroko aurrekontua onartu da.
Jolastuku herriko jolasguneen plana aurreko legealdian osatu zuen Udalak, Projekta Urbes ingurune natural eta inklusiborako hirigintza aholkularitzarekin batera; herriko espazioak hobetzeko, jolas ohitura berrien arabera egokitzeko eta berriak sortzeko bide-orri bihurtu da plana. Ekhiñe Mendi Haur eta Gazteria batzordeburuaren hitzetan plana ez zen azpiegitura edo elementu soilak proposatzera mugatu, eta aintzat hartu zituen jolaserako joerak, gizartearen gaurko eta etorkizuneko erronkak, landu eta hedatu beharreko balioak eta abar.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!