Udalak eratu nahi duen administrarien lan poltsarako lehenengo azterketa astelehen goizean egingo da

2016/10/06
Izena 114 lagunek eman zuten

  Ariketa teorikoa izango da astelehenean gainditu beharrekoa. Horretarako, lan poltsa deialdian argitaratu zen gaitegia hartuko da oinarri. Toki erregimenaz, administrazio publikoaren jardueraz, prozedimendu administratiboaz, Udalaz edota funtzio publikoaz hainbat galdera teoriko erantzun beharko dituzte. Azterketa teoriko hau Gipuzkoako Artxibo Historikoan, guardia zibilen kuartel gainaldeko eraikin berdean egingo da astelehen goizean. Azterketa 10.30tan hasiko da eta hautagaiek nortasun agiria eraman beharko dute.

  114 lagun izan ziren udalak deitutako lan poltsara aurkeztu zirenak eta guztiak onartu dira. Beraz, lehen ariketa horretara 114 hautagaiak aurkeztu daitezke.

  Gainditzen dutenek, beste bizpahiru azterketa izango dituzte ondoren:  proba praktikoa, azterketa psikoteknikoa eta 3. hizkuntza eskakizuna agiri bidez egiaztatu ez dutenek euskarari dagokiona ere bai.

  Lehiaketa prozesuan, azterketa guztiak gainditu dituztenen merituak baloratuko dira: agiri bidez egiaztatutako lan eskarmentua eta prestakuntza osagarria baloratuko dira. Bi fasetako puntuazioak batuta osatuko da administrarien lan poltsa, beti ere, lortutako puntuen araberako hurrenkera gordeaz.

  Udalak, administrarien lan poltsa horretara joko du langileen bajak bete edo aldian-aldian pilatu daitezkeen lanei aurre egin ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia