Udalak Debagoieneko koordinazio soziosanitarioko protokoloa sinatuko du

2015/10/14
Card image cap
Helburua, eskualdean behar soziosanitarioak dituzten pertsonentzako arreta ziurtatzea da

  Protokolo hau , osasun zentroetako mediku eta erizainen eta udaletako gizarte langileen artean adostu da. Herritarrek izan ditzaketen osasun eta gizarte beharrizanei aurre egiteko, hauenganako arreta koordinatu eta hobetzen laguntzeko tresna gisa azaldu da.

  Protokoloaren helburu nagusia, Debagoienean behar soziosanitarioak dituzten pertsonentzako arreta ziurtatzea da. Kasuak kudeatzeko, koordinazio soziosanitariorako funtsezkoa den metodologia erabiliko da beti ere, herritarrak behar duen arreta sustatzea oinarri izaki. Osasun-sistemetako eta gizarte-zerbitzuetako profesionalen artean dauden koordinazio eta lankidetza-jardunbide egokiak finkatu dira,  kasuen detekzioan eta arretan haratago doan urratsa eman ahal izateko.

  Hala, sistema sanitarioaren edota sozialaren esku-hartzea behar duten kasuak detektatzeko komunikazio-prozedura bateratua jarraituko da. Pazientea ospitaleratu baino lehen edo ospitalean den bitartean, beharra dagoen kasuetan, ospitaleko alta hartu eta gero ere arreta soziosanitarioa jasotzen segituko duela ziurtatu nahi da. Eta  arreta urgentea behar duten kasuetan, horiei modu koordinatuan heltzeko prozedurak egitea. Alegia, lehendik jada, osasun eta gizarte zerbitzu ezberdinen artean egiten zen lana, modu sistematiko batez eta protokolo batean zehaztuta egingo da aurrerantzean.

  Debagoieneko ESIk helarazi zion Udalari Debagoieneko koodinazio soziosanitaroko protokoloa eta Udalbatzak, dokumentua sinatzea aho batez erabaki du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!