Oñatiko udala

Udalak, Bidebarrieta kaleko 24an hutsik geratu den etxebizitza soziala errentan emateko deialdia egitea onartu zen atzoko osoko bilkuran.

2013/02/02
Iragarkia, Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratuko da.

  Bidebarrieta kaleko 24. zenbakian dagoen lehenengo A etxebizitza da orain alokairuan eman asmo dena.

  Bidebarrieta kaleko 24an, lehenengo pisuan hutsik geratu den etxea errentan hartu ahal izateko, eskatzaileak, azken 5 urteetan Oñatin erroldatuta eta bertan bizi dela egiaztatu behar du. Baldintzetan, diru sarrerak ere mugatzen dira. Ondorioz, eskatzaileen eta bizikidetza unitatearen urteko diru sarrerak, ezin dira  lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,7 aldiz handiagoak izan.
Eskatzailearen bizitokiari ere erreparatuko zaio eta errentan bizitzea, bizi diren etxebizitza prekarioa izan edota, desjabetzeko prozesuan egotea ere kontutan hartuko da.

  Izaera sozialeko etxebizitza batez ari garelarik, diru sarrera urriak eta etxe premia dutenei alokatzea da helburua. Horretxegatik, aurrez ez da hileroko errenta kopurua zehazten eta maizterraren diru sarreren arabera gerora finkatuko da zenbateko alokairua ordaindu beharko den.

  Deialdia egiteko erabaki hartu ondoren, iragarkia Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratuko da interesa duenak, dagokion eskaera egin dezan. Jasotzen diren eskaera guztiak, baldintza pleguan zerrendatuta dauden baremoaren arabera neurtuko dira. Eskatzaile bakoitzaren gizarte eta familia egoera, orain arte izan duen bizilekuaren egoera, lan gaitasuna eta egoera ekonomikoa egiaztatu eta baloratuko dira. Eta horren arabera, puntuaziorik altuena lortzen duen eskatzaileari alokatuko zaio Bidebarrieta 24ko 1-A etxebizitza. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!