Udalak, Bidebarrieta kaleko 24an hutsik duen etxebizitza soziala alokairuan emateko deialdia kaleratu du.

2013/02/13
Interesatuek, otsailaren 28a bitarteko epea dute eskaera aurkezteko.

  Urtarrileko osoko bilkuran hartutako erabakia da. Orduan, hutsik dagoen Bidebarrieta kaleko 24. zenbakian dagoen lehenengo A etxebizitza errentan emateko prozedura abian jartzea erabaki zuen udalak eta horretarako 2011ako martxoan onartu zituen baldintzak aplikatzea.

  Etxea alokairuan emateko oharra, Gipuzkoako aldizkari ofizialean atzo bertan argitaratu zen eta horrekin batera, gaurdanik jada, eskaerak jasotzeko epea ireki da. Interesatuek, eskaerak, otsailaren 28ra bitartean udal bulegoetan aurkeztu behar dituzte.

  Izaera sozialeko etxebizitzez ari garenez,  diru sarrera urriak eta etxe premia dutenei alokatzea da helburua. Alde horretatik, ez da hileroko errenta kopurua zehazten eta maizterren diru sarreren arabera zehaztuko da gerora, bakoitzak ordaindu beharko duen alokairua.

  Interesatuek bete beharreko oinarrizko baldintzak, erroldatze eta diru sarrerei dagokie. Hala, Oñatin erroldatuta egon eta azken 5 urteetan bertan bizitzea ezinbestekoa da. Horrezaz gain, eskatzaileen eta bizikidetza unitatearen urteko sarrerak, lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,7 aldiz handiagoak ez dira izan behar.

  Baina eskatzaileen egungo bizitokiari ere erreparatuko zaio eta errentan bizitzea, bizi diren etxebizitza prekarioa edota, desjabetzeko prozesuan egotea ere kontutan hartuko da.

  Jasotzen diren eskaera guztiak, baldintza pleguan ia zehaztuta dauden baremoen arabera neurtuko dira. Eskatzaile bakoitzaren gizarte eta familia egoera, orain arte izan duen bizilekuaren egoera, lan gaitasuna eta egoera ekonomikoa egiaztatu eta baloratuko dira. Horren arabera, puntuaziorik altuena lortzen duen eskatzaileari alokatuko dio udalak Bidebarrieta kaleko 24 zenbakian lehenengo A den etxebizitza. 

  Eskaerak, udal bulegoetan egin behar dira eta bete beharreko baldintzei buruzko argibideak ere bertan eskuratu daitezke.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!