Udalak, Bidebarrieta kaleko 22an abenduan hutsik geratuko den etxebizitza soziala alokairuan emateko deialdia kaleratu du.

2014/07/15
Interesatuek, eskaera aurkezteko, abuztuaren 6ra arteko epea dute.

  Azken Osoko Bilkuran hartutako erabakia da. Bidebarrieta kaleko 22an udalak duen etxebizitza sozial baten errendamendu kontratua abenduan beteko dela eta, egungo maizterrari horren jakinarazpena egin eta berriro alokairura ateratzea erabaki zen. Bidebarrieta kaleko 22an, lehenengo solairuko G etxebizitza da udalak alokairura atera berri duena.

  Izaera sozialeko etxebizitzaz ari garenez, diru sarrera urriak eta etxe premia duenari alokatzea da helburua. Alde horretatik, ez da hileroko errenta kopurua zehazten eta maizterraren diru sarreren arabera zehaztuko da gerora, ordaindu beharko duen alokairua.

  Interesatuek bete beharreko oinarrizko baldintzak, erroldatze eta diru sarrerei dagokie. Hala, gutxienez 5 urtez  Oñatin erroldatuta egon eta bertan bizitzea ezinbestekoa da. Horrezaz gain, eskatzaileen eta bizikidetza unitatearen urteko sarrerak, lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,7 aldiz handiagoak ez dira izan behar.

  Baina eskatzaileen egungo bizitokiari ere erreparatuko zaio eta errentan bizitzea, bizi diren etxebizitza prekarioa edota, desjabetzeko prozesuan egotea ere kontutan hartuko da.

  Jasotzen diren eskaera guztiak, baldintza pleguan zehaztuta dauden baremo batzuen arabera neurtuko dira. Eskatzaile bakoitzaren gizarte eta familia egoera, orain arte izan duen bizilekuaren egoera, lan gaitasuna eta egoera ekonomikoa egiaztatu eta baloratuko dira. Horren arabera, puntuaziorik altuena lortzen duen eskatzaileari alokatuko zaio udalak Bidebarrieta 22an duen 1-G etxebizitza. Hori bai, kontutan hartu behar da, egun bertan bizi diren maizterren kontratua abenduan amaitzen dela.

  Hala ere, udalak ez du azken ordura itxaron nahi izan eta dagoeneko zabalik dago etxebizitza sozial hori errentan hartzeko eskaera epe, abuztuaren 6ra arte, hain zuzen.

  Eskaerak, udal bulegoetan egin behar dira eta bete beharreko baldintzei buruzko argibideak ere bertan eskuratu daitezke.

Iturria: Oñati irratia