Udalak, autokontsumorako aisialdi ortuen eskaintza zabaldu du.

2014/06/03
Card image cap
Interesa duten herritarrek izena, udaletxean eman behar dute ekainaren 20a baino lehen. Baratza publiko hauek San Martin gunean edota Torrealde inguruan egokitu asmo dira.

  Horretxegatik, aisialdi orturen bat zaintzeko asmoa duten herritarrei, bi gune horien artean nahiago luketena hautatzea eskatzen zaie. Udala, proiektua herrian dagoen nahi eta interesera egokitu asmo baitu. Printzipioz, hartarako identifikatu duten bi guneetan, guztira, 150en bat ortu egokitu daitezkeela adierazi digu alkateak.

  Lursailak, 30 eta 90 metro karratu artekoak lirateke. Eskaerak, partikularrek nahiz herriko talde edo elkarteek egin dezakete. Guztiekin  baratzezainen elkarte bat eratuko da eta hartarako propio zehaztuko den araudia bete beharko da. Partaideek, 50-70 euro arteko sarrerako kuota bat eta urteko beste 70-90 euro arteko kuota ordaindu beharko dute. Eta hasteko formazio saio bat emango zaie. Erabiltzaileek, udal langileen laguntzarekin auzolanean eraikiko dituzte aisialdi baratzeak.

  Hori dena den, gerora izango da. Une honetan, udalak, interesa izango luketen herritarrak identifikatu nahi baititu. Horretarako, aisialdi ortuak proiektu honetan parte hartu nahi duenak, izena udaletxean eman behar du, bertara joanda edo telefonoz deituta. Oinarrizko datu batzuk eskatuko zaizkio:  izen-abizenak, Nortasun Agiriaren zenbakia, helbide eta telefonoa eta aipatu bi guneetatik nahiago izango lukeen. 

  Informazio hori jakinarazteko azken eguna, ekainaren 20a izango da.

  Udal arduradunek, aisialdi ortuen proiektua lantzeko, Gipuzkoan martxan diren antzerako ereduak bertatik bertara ezagutu dituzte: Usurbilen, Arrasaten edo Donostiako EKOGUNEAN izan dira bisitan.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!