Udalak Arkautiko Polizia akademiarekin hitzarmena sinatuko du honek osatzen diharduen behin-behineko udaltzain agenteen lan poltsa erabili ahal izateko.

2014/03/10
Udaltzain lan poltsa honetan parte hartzeko izen ematea zabalik dago hilaren 13ra arte.

  Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak udaltzaingoko oinarrizko eskalako bitarteko agente lan poltsa osatzeko hautaketa prozesua martxan jarri du. Era berean, lan poltsa hori erabili nahi duten udalekin hitzarmenak sinatzen ari da. Oñatiko udalak, bitariko lankidetza hitzarmen hori sinatzea erabaki du.

  Udalak badauka bere aldetik egin zuen aurreko hautaketa prozesuan osatutako lan poltsa eta ordezko udaltzainen bat behar duenean lehentasuna herrian eratutako lan poltsa horri emango dio. Baina bertan agertzen diren hautagaiak lanean ari badira, beste herri batera jo gabe Arkautiko Polizia akademiaren lan poltsara joko da. Udala eta polizia akademiaren arteko hitzarmenak zehazten duenez gainera, udalak uko egiten dio bere kabuz beste lan poltsarik eratzeari.

  Arkautiko polizia akademiak martxan duen hautaketa prozesuan parte hartu ahal izateko, udalak aurrez egin dituen hautaketetan zehaztu zituen baldintza berberak bete behar dira: 18 eta 35 urte artekoa izan behar da. Gutxieneko altuera finkatuta dago eta gizonezkoek gutxienez 1.65 m neurtu behar dituzte eta emakumeek 1.60 m.

  Formazio akademikoari dagokionean, bigarren hezkuntzako graduatu titulua, eskola graduatua, lehen graduko lanbide heziketako titulua edo baliokidea den beste titulazioren bat behar da eta gainera, B eta A1 motako ibilgailuak gidatzeko baimena.

  Euskarari dagokionean ez da ezagutza maila edo hizkuntza eskakizun konkreturik eskatzen baina hautaketa proban hori ere neurtuko da. Udalek, tokian tokiko hizkuntza erabileraren arabera, maila bateko edo besteko  udaltzainak eskatuko baitituzte.

  Interesa izenez gero, zabalik dago behin behineko udaltzain agenteen lan poltsa honetan parte hartzeko izen emate epea. Eskabideak, polizia akademiaren webgunean eskuratu daitezke: www.arkauteakademia.net atarian. Hautaketa prozesuan parte hartzeko izen ematea, ostegunean, martxoaren 13an, goizeko 11etan amaituko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!