Udalak antolatzen dituen informatika ikastaroak langabetuentzat izango dira aurrerantzean eta lan formakuntza izaera izango dute.

2014/03/18
Aurten, ofimatika, 3 maila ezberdinetan lantzeko aukera eskaintzen da.

  Sozioekonomia batzordeak orain 10-12 bat urte martxan jarri ziren informatika ikastaroen inguruko balorazio eta hausnarketa egin du. Hasieran, arloan kasik erabateko ez-jakinak ziren herritarren gehiengoari zuzendutako formazio ikastaro hauek eboluzionatuz joan dira eta hein handi batetan, aisialdi-ikastaro bihurtu dira. Hasierako formazio zentzu hura berreskuratuz, eta herrian dagoen beharrera egokituz, informatika ikastaro hauek herriko langabetuentzat prestakuntza ikastaro moduan antolatzea erabaki du sozioekonomia batzordeak.

  Ofimatika izango da aurten landuko den gaia, hiru maila ezberdinetan. Ofimatika 1-2-3 ikastaroak antolatuko dira, bakoitza 30na ordukoa eta gehienez, 10eko taldetan egingo dena. Ofimatika on-line ikastaroa ere egin ahal izango da aurten nobedade gisa.

  Ikas-3 akademiak jarraituko du informatika ikastaro hauek ematen eta printzipioz, aurten, hiru urte txandatan antolatuko dira: udaberrian (apirila-maiatza-ekainean); udan (ekaina-uztaila-irailean) eta udazkenean (urria-azaroa-abenduan). Ofimatikari buruzko formakuntza ikastaroen aurrekontu orokorra ia 8.600 euro diren arren langabetuentzat doan izango dira. Une honetan eskaintzaren berri emango duten esku programak prestatzen ari dira eta horiek kaleratu orduko irekiko da izena emateko epea.

  Baina informatika arloko ikastaroak ez ezik, merkataritza arlokoak edota zaintzaren ingurukoak ere antolatzen dihardu sozioekonomia batzordea, beti ere, langabetuei zuzenduta.

  Orain martxoan eta maiatzean egingo diren merkataritza arloko ikastaroetan parte hartzeko izen ematea gaur bertan amaitzen da. Zaintza arlokoa berriz, maiatza uztaila bitartean egin asmo da eta Arrasateko Bastida akademiak antolatuko luke. Honi buruzko xehetasunak datozen egunetan zehaztuko dira. Landuko diren gaiak eta datak finkatu bezain pronto jakinaraziko dizkizuegu.

Iturria: Oñati irratia