Udalak aldi baterako kontratatuko duen igeltsero ofiziala aukeratzeko azterketa praktikoa datorren ostegunean egingo da.

2014/01/23
Orain bi hilabete egin zen proba teoriko-praktikoa gaindituta, 7 hautagaik dute hurrengo ariketa hori egiteko aukera.

  Epai mahaiko kideen konpromiso ugariek eraginda, igeltsero ofizial lanpostua betetzeko hautaketa prozesua luzatzen ari da. Iazko apirilean argitaratu zen udalak aldi baterako bete asmo duen lanpostu honen iragarkia eta aurkeztu ziren 21 hautagaien merituen balorazioa abuzturako argitaratu zen. Lehenengo azterketa berehala egingo zela pentsatu bazen ere azaroaren 15ean izan zen eta bigarrena berriz, bi hilabete eta erdi beranduago, urtarrilaren 30ean egingo da, esan bezala. Atal praktikoari dagokion proba izango da eta udalak, Zubillagan duen Olaburu zentroan egingo da.

  7 dira, aurreko idatzizko azterketa teoriko praktikoa gaindituta, bigarren ariketa hau egiteko aukera duten hautagaiak. Proba guztiz praktikoa izango da eta igeltserotzari dagozkion tresnak erabiliz hainbat lan egitea eskatuko da.
Azterketa, arratsaldeko 4etan hasiko da.

  Bigarren ariketa eginda euskarari dagokionak osatuko du azterketaldia. Azken proba hori dena den, ez dute guztiek egin beharko, soilik, lanposturako eskatzen zen bigarren hizkuntza eskakizunaren mailako ezagutza agiri bidez egiaztatu ez dutenek. Baina hori, datorren asteko probaren ondoren izango da.

  Gogoratu, 21 izan zirela hasieran igeltsero ofizial lanpostura aurkeztu zirenak. Horietatik 5 ez ziren lehen azterketara presentatu eta egin zuten 16tik 7k bakarrik gainditu zuten.

  Aldi baterako kontratatuko den igeltsero ofizial hau udal brigadan arituko da lanean, kale-plazetan nahiz udal eraikinetan igeltserotzari dagozkion mantenu lanak egiten, hiri altzariak, oztopo zutoinak edo trafiko seinaleak jartzen edota hornidura sare ezberdinak sartzeko zangak egin eta ixten. Horrezaz gain, brigada taldeak egin ohi dituen eszenatoki muntatze eta erretiratze lanetan edota bestelako garbitze, pintaketa eta mantentze lanetan lagundu beharko du.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: www.gipuzkoangazte.info