Udalak aldi baterako kontratatuko duen igeltsero ofizial lanposturako 21 hautagai onartu dira.

2013/06/20
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratu berri dira.

  Udaletxeko iragarki taulan eta udal web orrian ikusi daiteke onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda hori. 21 hautagai onartu dira eta bi berriz, baztertu, nortasun agiria eta eskatutako titulua ez aurkezteagatik, edota  eskaera ez sinatzeagatik. Falta ziren dokumentu eta tramiteak betetzea zaila ez zen arren, hartarako eman zen epean ez da egin eta ondorioz, hasieran, behin behineko izaeraz baztertu ziren hautagaiak, prozesutik kanpo daude jada.

  Udal brigada taldea osatu eta sortzen diren igeltsero lanak gidatzeko ofizial lanpostuari dagokion hautaketa prozesurako onartu diren 21 lagunetatik 20 gizonezkoak dira eta bakarra emakumea.

  Aldi baterako beteko den lanposturako hautaketa oposizio-lehiaketa bidez egingo da. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratuta, 21 hautagai hauek agiri bidez egiaztatu dituzten merituak neurtuko dira. Esperientzia eta titulazio osagarriaren araberako merituen puntuaketa egiten hasi dira jada eta egun gutxi barru, puntuazio hori ere jende agirian jarriko da.

  Hortik aurrera, oposizio fasea hasiko da. Azterketaldian, ariketa praktikoa egin beharko da eta euskarazko bigarren hizkuntza eskakizun maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek, horri buruzko froga ere egin beharko dute. Azterketetarako datarik ez da finkatu oraindik, baina dirudienez ez da ez uztaila ezta abuztuan ere izango. Epai mahaia osatuko duten kideekin finkatu behar da eta askok udako oporrak hartzen dituzten hilabete hauek ez dira hartarako egoki ikusten. Baina hori ere jakinaraziko da.

  Udalari, une honetan hutsik dagoen igeltsero ofizial lanpostua lehenbailehen betetzea komeni baitzaio, atzeratuta dauden lanak pilatzen ari baitira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!