Udalak, “Berdinsarean” onartzeko eskaera egingo dio EUDELi

2015/11/25
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Europar Gutuna ere sinatuko du

  Hori da biharko Osoko Bilkuran proposatuko dena baina gaiek Udal Gobernu Taldearen babesa dute, beraz, okerrik ezean onartu egingo dira.

  Berdinsarea, berdintasunaren aldeko Udalen Sarea da eta hainbat helburu ditu: gizon eta emakumeen berdintasunerako 2005eko legea beteko dela bermatzea; berdintasun hori sustatzeko eta emakumeen kontrako biolentziaren aurka borrokatzeko tokiko esparruan programa eta ekintzak bultzatzea; esperientziak trukatu eta ekintzetarako irizpideak koordinatzea edota udalez gaindiko esparruetan adostutako edukiak udal errealitatean garatu, zehaztu eta egokitzea, besteak beste.

  Berdinsareako kide izateko Udalei hainbat konpromiso eskatzen zaie, berdintasun politikak garatzeko baliabide tekniko eta pertsonalak jartzea eta aurrekontu bat finkatzea eskatzen zaie. Oñatiko Udalak, aurreko legealdian Berdintasun batzordea sortu zuen eta 2012an Berdintasunerako Lehen Plana onartu zuen. Gainera, plan hori gauzatzeko berdintasun teknikari bat kontratatu da. Bitartekoak jarrita, Berdinsarean sartzeko eskaera luzatuko zaio EUDELi. Hala onartuz gero, Oñatiko Udalak, sare horretan parte hartzen duten gainontzeko udalekin koordinazioan lan egingo du berdintasunaren alorrean eta era berean, saretik, aholkularitza teknikoa jaso ahal izango du.

  Biharko Osoko Bilkuran, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europar Gutuna sinatzea ere proposatuko da. Gutunak, tokian tokiko bizitzan emakumeen eta gizonen berdintasunerako urratsak emateko konpromisoa jasotzen du, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia