Udal zergen ordainketa atzeratu, zapatuetako baserritarren azoka kiroldegira aldatu eta ezkontza eta hileta zibilen etetea jaso da udalak kaleratu duen azken bandoan

2020/03/18
Card image cap

  COVID 19 Koronabirus pandemiaren aurrean udalak hartu dituen azken neurriak biltzen dira arratsaldean zehar zabaldu den bandoan. Lau orriko idatzian, alarma egoerak ekarritako hainbat aldaketa zehazten ditu.

  Udal zergen ordainketa atzeratu egin du udalak irailaren 15era arte. Era berean, pasa den astean bertan behera utzi zen larunbatetako baserritarren azoka berriro egin ahal izango da baina lekuz aldatuta. Zubikoa kiroldegiko kantxa urdinean egingo da eta behar beharrezko elikagaiak bakarrik salduko dira. Zapatuetako arropa salmenta ibiltaria bertan behera mantenduko da.

  Ezkontza eta hileta zibilak etetea erabaki du udalak, aire zabalean eta segurtasun neurriak gordez egiten direnak izan ezik. Eta udal hilerrian ere neurri bereziak hartuko dira gorpuen hilobiratzeetan. Gehienez 10 lagun egongo dira eta metro eta erdiko segurtasun tartea gorde beharko dute. Panteoi zaharretan lurperatzeko zailtasun teknikoak daudenez, eta lurperatzailearen osasuna eta lan segurtasuna bermatzeko, gorpua erraustea gomendatuko zaie panteoi-jabeei, edo bestela, hilkutxa behin behineko hobi batean sartuko da, eta osasun-alertak ahalbidetzen duenean, panteoira aldatuko da.

  Txakurrekin paseoa egiteari buruz ere zehaztapenak ematen dira udalaren azken bandoan. Paseoa etxe inguruetara eta denbora tarte txiki batera mugatu behar dela argituz, eta ez askok egiten duen bezala, herritik buelta egiteko aprobetxatzeko.

  Izaro Elorza alkateak sinatzen duen idatzian, zabaldu daitezkeen denda eta lokalen zerrenda, administrazio-epeen etenaren inguruko argibideak, Herribus zerbitzua egokitu izana edota atez ateko ontziak jasotzeko prozedura berria zehazten da, besteak beste.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!