Oñatiko udala

Udal zerga eta tasak orokorrean, % 1,74 igoko dira datorren urtean.

2013/11/04
Zabor tasa, euskaltegia, eguneko zentro eta merkataritza edota zerbitzu establezimenduen tasak bere horretan, igoerarik gabe mantenduko dira. Ludotekako matrikula nabarmen jaitsiko da eta kiroldegiko zerbitzu tasak berriz, auto-finantziazio maila orekatu bat lortze aldera, KPIaren goitik igoko dira.

  Euzko Alderdi Jeltzaleak udal gobernu taldearen proposamenaren aurka bozkatu zuen.

  Baina Bilduko ordezkarien botoak nahikoak izan ziren eta 2014ko udal ordenantza fiskalak, gehiengoz onartu ziren.
Aurrez iragarri zen bezala, orokorrean, udal zerga eta tasek, abuztu-abuztu arteko urteko KPI edo prezioen indizearen mailan garestituko dira datorren urtean, % 1,74 alegia. Baina igoera orokor horretatik kanpo, hainbat tasa izoztu edo merkatu egingo direla azaldu zuen Iosu Lizarraldek, osteguneko Osoko Bilkuran Bilduko bozeramale izan zenak.

  Aipatutako tasen artean aipagarria da zabor tasa bere horretan mantenduko dela datorren urtean. Hori izan zen jeltzaleek proposamenaren ezezkoa ematearen arrazoietako bat. Mankomunitateak aplikatuko duen igoera zehaztu gabe dagoen arren, %10a aipatzen dela esan zuen Lourdes Idoiagak eta aurten bezala, datorren urtean zabor tasa igotzen ez bada, mankomunitateko kuotarekiko udalaren defizita handitu egingo dela esan zuen. Alde horretatik, udal fiskalitate egoki batek neurtua eta orekatua izatearen printzipioak bete behar dituela esan zuen bozeramale jeltzaleak.

  Puntu honetan, Iosu Lizarraldek, aurreko legealdian zabor tasak izan zuen igoera handia gogorarazi zuen: 2007tik 2011ra, zabor tasa %60a hazi zela esan zuen eta legealdi bakarrerako izugarrizko gehiegikeria eta astakeria zela esan zuen. Igoera hori, hein handi batetan, eraikitzekoa zen errauskailuaren inbertsioa ordaintzetik justifikatzen zela esan zuen. Legealdi honetan birziklapen tasak igotzeko konpromisoa hartu dela azaldu zuen eta herritarren ahalegin hori konpentsatzeko, zabor tasa ez igotzea proposatzen zutela adierazi zuen.

  Hutsik dauden etxebizitzei aplikatzen zaien errekargoa izan zen eztabaidarako beste puntua. Bilduk, aurten egin dena jarraituz, etxebizitza horien IBIan % 100neko errekargoa mantentzea proposatu zuen aldaketa txiki batekin. Salbuetsita dauden etxeen atalean, titularra hil eta errekargoa aplikatzeko tartea urtebetetik bi urtera igotzea proposatu zuen.
Jeltzaleak ez daude errekargoarekin ados. Etxebizitza hutsak alokairura bideratzearen helburua ez dela betetzen ari esan zuen Idoiagak. Hala, errekargoa kendu eta arau zigortzailearen ordez alokairura bideratutako politika aktiboagoak erabiltzea eskatu zuen.

  Bozketan, jeltzaleek ezezkoa eman zioten 2014ko udal ordenantza fiskalen proposamenari. Baina Bilduko ordezkarien aldeko botoz aurrera atera ziren eta okerrik ezean, urtarrilaren 1ean indarrean sartuko dira. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!