Udal tasa eta zergak bere horretan mantenduko dira datorren urtean

2015/10/30
Card image cap
Ordenantza fiskalak izoztearen printzipioarekin ados etorri arren jeltzaleak abstenitu egin ziren

  Herritar moduan zerga ordenantza izoztearekin pozik egon arren oposizioan dagoen udal talde arduratsua izaki, proposamena ezin zutela onartu esan zuen Miren Elgarresta bozeramale jeltzaleak Osoko Bilkuran. Prentsa ohar bidez aurreratu zutenez bi arrazoi eman zituen jeltzaleen abstentzioa azaltzeko: etxebizitza hutsei aplikatzen zaien gain-ordainketarekin eta zabor zerbitzuaren ondorioz udalaren diru kutxetan handitzen doan defizitarekin ez daude ados.

  Alokairurako politika aktiboak martxan jartzea eskatu zuten jeltzaleek, etxe hutsei errekargua kendu eta hauek bizigarritasun baldintzak bete ditzaten diru laguntzak eskainiz. Eta hondakinen tasa ez igotzean, udaleko diru kutxan defizita pilatuaz doala esan zuen Miren Elgarrestak.

  Erroldatu gabeko etxebizitzen inguruan alkateak datu konkretuak eman zituen. 2013an, errekargua 449 etxebizitzei jarri bazitzaien ere aurten 342ri soilik jarri zaiela argitu zuen, alegia,107 okupatuta daudela egun.  Aplikatutako errekargutik, gazteen emantzipaziorako laguntzak ordainduko direla azaldu zuen eta sortu den diru poltsa horretatik bideratuko da baita ere errefuxiatuak Oñatin hartzeko bost etxebizitzen alokairua ordaintzeko funtsa.  Alokairuaren aldeko urrats berriak emateko gertu azaldu zen alkatea. Hondakinen inguruan berriz,           EH Bildurentzat lehentasunezko gaia dela argitu zuen eta fiskalki, horren alde eragiten jarraituko dutela esan zuen Mikel Biainek.

  Bi gai horietan ados ez egon arren, beste zenbaitetan bat etorri ziren bi udal taldeak. Adostasun horren ondorioz, adibidez, Kalegoiena eta Kiroldegi inguruko parking-en prezioak bateratu egingo dira 2016an. Kalegoienakoan, Kiroldegikoan orain arte gertatzen zen bezala, doaneko aparkaleku tartea bi ordukoa izango da. Hortik aurrera egiten den minutu bakoitzeko tarifa ere bateratzen da Kiroldegikoa merkatuz. Orain minutuko 5 xentimo dena bi xentimora jaitsiko da urtarrilaren 1etik aurrera.

  Udal tasak izozteko proposamena bozkatzerakoan jeltzaleak abstenitu egin ziren baina Udal Gobernu Taldekoek alde egin zuten. Ondorioz, udal tasa eta zergak bere horretan, aldaketarik gabe mantenduko dira datorren urtean. Azken lau urteetan, hirutan izoztu dira udaleko ordenantza fiskalak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!