Udal Plangintzako Aholku Kontseilua eratzeko bilera egin da gaur

2016/06/29
Card image cap
Udal teknikari eta ordezkari politikoez gain 18 herritarrek osatzen dute

  Udal Plangintzako Aholku Kontseiluak toki erakunde izaera izango du eta aholkatu eta eztabaidatzeko foro gisa sortu da. Hirigintza arloan arituko da nagusiki. Udalak, aurten, HAPO edo Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra osatzen hasi nahi du, beraz, eratu berri den aholku kontseiluak horretan parte hartuko du.

  Aholku kontseilu honetan herritarren partaidetza ezinbestekotzat jo zen eta horregatik, herriko talde, sektore eta elkarte ezberdinetako ordezkariak parte hartzera gonbidatu ziren. Aurkezpen bilera ireki baten ondoren, izen- ematea zabaldu zen eta 18 elkarte ordezkatzen dituzten beste horrenbeste herritar izendatu ziren aholku kontseilua eratzeko; ordezkatuta daude, besteak beste, gazte asanblada, jubilatu elkarte, ikastetxe, kirol elkarte, emakume talde edota mugikortasun arazoak dituzten lagunen elkartea.

  Kontseiluaren eraketarako gaurko saioan, kide bakoitzaren aurkezpena egin da eta kontseiluaren antolaketari buruzko argibideak eman dira. Arantzazuko harrobiaren balizko handitze proiektuaren inguruko azalpenak ere entzun dira.

  Arratsaldean eratu den aholku kontseiluak, egungo Udalbatzaren legealdiak adina iraungo du, hau da, 2019ko udaberrira arte, alegia. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!