Udal ordezkariek eta Fan hemendik taldekoek, guardia zibilak Oñatitik eta Euskal Herritik joan daitezen eskatzen duen gutuna aste honetan entregatuko dute kuartelean.

2012/10/15
Ostiralean eraman zuten idatzia ez zieten hartu bulego ordutegitik kanpora zeramatela argudiatuta.

  Urriaren 12an, Hispanitatearen egunean, Fan Hemendik taldeak deituta egin zen manifestazioa guardia zibilen kuartelaren aurrealdean geratu zen. Helburua, taldeko ordezkari batek eta Iosu Lizarralde alkatordeak zeramaten gutuna kuartelean uztea. Guardia zibilen arduradunak egoitza atarian hartu zituen baina ez zien eramandako gutuna jaso nahi izan.

  Aipatu gutunean bi idatzi daude: udalbatzak iazko irailean guardia zibila Oñati eta Euskal Herritik joan dadila eskatuz aho batez onartu zuen mozioa batetik eta Fan Hemendik taldeak Oñatiko kuarteleko arduradunari, guardia zibilen zuzendari nagusiari eta barne ministroari zuzendutako idatzia bestetik. Bigarren idatzi honetan, udalbatzak onartutako mozioari erreferentzia egin ez ezik, guardia zibilei Oñatitik eta Euskal Herritik joan daitezela eskatzen dute; hitzez hitz, "pakean utzi gaitzatela, ez ditugulako nahi eta ez ditugulako behar".

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!