Udal gobernu taldeak 16 milioi eta 365 mila euroko aurrekontu proposamena osatu du datorren urterako, aurtengoa baino %4 handiagoa.

2012/12/20
Gaia, goizean egin den Ogasuna batzordean eztabaidatu da baina bere horretan onartu ala ez arratsaldeko Osoko Bilkuran erabakiko da.

  Izan ere, Euzko alderdi jeltzaleak hainbat alegazio egin baitzizkion Bilduk proposatutako aurrekontu zirriborroari baina horien lehen eztabaida behintzat, goizeko bilera horretan egitekoa zuten udalbatza osatzen duten bi alderdiek. Ez daukagu azken orduko informaziorik, ez dakigu adostasunik izan ote den ezta, partida konkreturen bat negoziatuta diru kontu orokorrak aldatu diren. Hori, arratsaldeko Osoko bilkuran zehar jakingo dugu.

  Oraingoz eskuartean darabilgun informazioa esan bezala, udal gobernu taldeak EAJri helarazi zion proposamenarena da. Eta horren arabera, 2013an, udalak, 16milioi eta 365 mila euroko aurrekontua izango luke. Autengoa baino %4 handiagoa. Hori, Madrildik datorren egonkortasun lege mugatzailea urratuko luke baina ez legez kanpoko aurrekontu bihurtuz, baizik eta udala, halako plan bat egitera behartuz.
Plan hori egiteko 3 hilabeteko epea luke udalak, baina bitarte horretan, 2012. honetako likidazioa onartzea espero denez, aipatu mugaz gaindiko igoera hori parekatuko litzatekeela uste da.

  Orokorrean, eta bizi dugun krisi garai honetan azpimarratzekoa da, BILDUk aurkeztu duen aurrekontu proposamena orekatua dela, alegia, udalak dituen gastu arruntak sarrera arruntez estaltzen direla. Horrek, udalari bere estruktura mantentzeko gaitasuna ematen dio eta esan bezala, kontutan hartu beharreko puntu garrantzitsua da.

  2013ko aurrekontuen inguruko xehetasunak arratsaldeko Osoko Bilkuran jasoko ditugu, eta orduan argituko da esan bezala, proposamenak udalbatza osoaren babesa duen ala ez. Bilkura, arratsaldeko 7.30tan hasiko da eta ohitura dugunez zuzenean eskainiko da Oñati irratian.

Iturria: Oñati irratia