Udal Gobernu taldea akusazio partikular gisa aurkeztuko da atzo arratsaldean hiru udaltzain zauritu zituen pertsonaren aurka zabaldutako auzibidean.

2014/10/08
Larrien zauritu zen udaltzaina, Donostian, zaintza berezien unitatean ingresatuta dago eta beste biek, senda-agiria jasota etxean daude.

  Hiru udaltzain aurretik eraman eta zauritu zituen kamioi gidaria atxilotu egin zuen Ertzaintzak eta gaur goizean, epailearen aurrera eraman dute agintarien kontrako atentatu delitua leporatuta.

  Udal gobernu taldeak, gertakari hauen aurrean bi puntuko adierazpena kaleratu du, lehenik, zauritutako hiru udal lankideei elkartasuna adierazi eta berehala errekuperatu daitezen desio die eta bigarrenik, titularrean esan bezala, akusazio partikular gisa aurkeztuko dela iragartzen du udal gobernu taldeak, erasotzailearen aurka zabaldutako auzibidean, akusazio partikular gisa aurkeztuko dela alegia.

  Zauritutakoekin eta beren familiekin uneoro harremanetan daudela dio oharrak eta arinen zauritu ziren bi udaltzainak, senda-agiria jasota atzo gauean etxera itzuli zirela dio. Hirugarren zauritua berriz, Donostiako ospitaleko zaintza berezien unitatean dago, larri baina egonkor. Hainbat saihets eta homoplatoa apurtuta ditu, bertebra batzuk zapalduta eta gibela zulatuta. Larritasunaren barruan, gaua, egonkor pasa du.

  Hiru udaltzain zauritu eragin zuten gertaera larri hauek atzo arratsaldean jazo ziren plaza aldameneko ferialekuan. Udaltzainak liskarrean zebiltzan bi ferialari baretzera joanda zeudela, San Juan kaletik behera abiadura bizian sartu zen trailer kamioi batek, hiru udaltzain aurretik eraman zituen.

  Dirudienez, goizean jada liskarrean aritu ziren ferialekua uzteko ordena zela eta. Goizeko liskarra baretuta, arratsaldean, berriro piztu zen. Arratsaldeko 4ak pasa ferialariak borrokan ari zireneko abisua jaso zuten udaltzainek eta bertara joan ziren. Ferialariek familiakoei ere borrokaren berri emana zioten nonbait. Senitarteko horietako bat barraka eramateko trailerrarekin ferialekutik irtenda zegoen minutu batzuk lehenago, baina abisua jasota, erremolketa utzi eta kamioi burua gidatzen itzuli zen. Abiadura handian San Juan kaletik behera sartu zen plaza aldameneko aparkaleku zaharrera eta bidean, hiru udaltzain aurretik eraman zituen. Horietako bat, larrien zauritu zuena, Gernikako arbolaren hesiaren kontra harrapatu zuelarik.

  Ertzaintzak, gidaria atxilotu egin zuen eta gaua Bergarako komisaldegian eman du epailearen aurrera eramatearen zain. Une honetan, ez dakigu oraindik epaileak zein erabaki hartu duen.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Ferialekua (www.goiena.eus)