Oñatiko udala

Udal euskaltegiak bi ikastaro berri antolatu ditu datozen asteetarako

2013/10/02
Card image cap
Oñatiera lantzeko 12 orduko ikastaro laburra eta ostalaritzako langileentzat 60 ordukoa. Bietarako izen ematea gaur ireki da.

  Ikasturte osoko ikastaroekin batera, ikastaro laburragoak tartekatzen dira udal euskaltegiko eskaintzan. Ikasle kolektibo jakinei edo eduki berezidun ikastaroak izan ohi dira. Horrela, datozen asteetan bi ikastaro berri emango dira: oñatiera lantzekoa bata eta ostalaritzako langileei zuzendutako ikastaroa bestea.

  Bietan laburrena, herriko hizkera lantzea helburu duen ikastaroa izango da, 12 ordukoa hain zuzen ere. Azaroaren 8an hasi eta abenduaren 20an amaituko den ikastaro hau sei ostiraletan, eta arratsaldeko 6etatik 8etara emango da. Gehienez, 15 ikasle onartuko dira taldean. Interesa duenak, izena eman dezake jada, matrikula epea gaur ireki eta urriaren 31ra arte luzatuko baita.

  Eta gaur ireki da baita ere, ostalaritzako langileentzat antolatu den ikastaroan izana emateko epea. Kasu honetan, ikastaroa beraz urriaren 21ean hasiko denez, izen ematea, aurreko ostiralean, hilaren 18an amaituko da.

  Ostalaritza arloan diharduten langileentzat propio antolatutako ikastaro hau aurrekoa baino luzeagoa izango da, 60 ordukoa eta astelehenetik ostiralera, egunero ordu eta erdiko jarduna beteaz osatuko da. Urriaren 21an hasiko da esan bezala, eta abenduaren 18an amaituko da. Taberna edo jatetxe batean dihardutenei egokitutako ikastaroa da: egunerokoan behar duten oinarrizko hiztegia edo gertatzen diren egoerei aurre egiteko oinarrizko hizkuntza ikasteko aukera ematen duena. Kasu honetan taldea osatzeko 4 ikasle falta dira. 

  Ikastaro bati zein besteari buruzko informazioa udal euskaltegian eskuratuko duzue: Bidebarrieta kaleko 18an edota 943 78 24 96 telefono zenbakian.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!