Udako etenaren ondorengo lehen gobernu batzarra egingo da gaur arratsaldean

2015/09/03
Card image cap
Abuztuan pilatu diren tramitezko gaiak nagusi dira

  48 gaiko lan zerrenda osatu da arratsaldeko bilerarako eta gehienak, 41 hain zuzen ere, hirigintza eta zerbitzuak atalari dagozkio. Lan ezberdinak egiteko baimen eskaerak ugari dira, udako azken egunak eta eguraldi ateria aprobetxatuz egin asmo diren teilatu edota balkoi konponketak, fatxada margotzeak edota erretenak garbitzeko lanak.

  Kale garbiketa zerbitzuaren kontratua eteteko proposamena ere aztertuko da gaurko tokiko gobernu batzarrean. Udalak FCC enpresarekin izenpetu zuen kale garbiketa zerbitzuaren kontratua urte bukaeran beteko da. Azken ordura itxaron gabe gaia aztertzea komeni dela ikusi da eta gaurko bileran azalduko da. Garagaltzako auzo alkate berriren izendapena eta Urrexolatik jaso diren hainbat eskaera ere aztergai izango dira.

  Ingurumen eta landa garapena batzordearen eskutik bestalde, kardu kanpainaren eta Aloñako larreetan egin diren lanen likidazioa eta baserri produktuak azokan saltzeagatik eman ohi diren diru laguntzen ordainketa aztertuko dira arratsaldeko bileran.

  Udako oporrak tarteko abuztuan zehar ez da batzordeen bilera informatiborik egin baina udal jardunak jarraitu du. Horretxegatik, abuztuan pilatu diren tramitezko gaiak nagusi izango dira arratsaldeko 18.00tan hasiko den Tokiko Gobernu Batzarrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!