Udako etenaren ondorengo lehen bilera egingo du gaur Udal Gobernu Taldeak

2016/09/08
Card image cap
Lan zerrendan, hainbat faktura onartzea eta herriko jai egitarauaren berri ematea jaso dira

  Bi gai horiek soilik jaso dira 17.00etan hasiko den batzarrerako lan zerrendan. Pentsa liteke, azken orduko beste gairen bat aurkeztu daitekeela baina aurrez behintzat, ez da halakoren berririk eman. Kontu egin behar da, hainbat lan-esparrutan diharduten batzorde informatiboak ez direla bildu eta ondorioz, gobernu batzarrerako gaiak bideratu gabe daude oraindik.

  Ogasuna batzordearen eskutik, hainbat faktura onartzea proposatuko da arratsaldeko bileran eta kultura batzordetik berriz, kasik ate joka ditugun San Migel eta Errosarioko jaien berri emango zaie Gobernu Taldeko kideei. Egitaraua ia osatuta dago. Azken xehetasunen bat lotzea falta da baina orokorrean gertu dagoela esan daiteke. Herriko jai-egun nagusiak segidan ospatuko dira aurten, hasi asteazkenarekin etorriko da irailaren 28ko arratsalde-ilunkaran eta astelehenean ospatu ohi den Errosarixo Bixamonera arte. 5 egun eta erdiko jai jarrai horrek, hainbat moldaketa egitea eskatzen du. Hala, urtean jaiotako haurrei eskainitako Atsolorra irailaren 24ra aurreratu da eta Herri Egunaren bezperan egin ohi den bertso jaialdia, urriaren 7ra atzeratu da.

  Herri Egunean egiten den herri bazkarian ere izango da nobedaderik, aurten estrainekoz, haurren menua eskainiko baitzaie 12 urtera arteko neska mutikoei. 10 euroren truke, makarroiak tomate eta txorizoarekin, Oñatiko haragiz egindako hanburgesak, txokolatezko natilak eta ura eta freskagarriak eskainiko zaizkie. Helduen menua berriz, marmitakoa, Oñatiko haragi gixatua, herriko gazta eta irasagarra eta kafea eta kopa izango da eta prezioa, iazko berbera, 19 €. Herri bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude. Xehetasun guzti hauek eta beste batzuk azalduko dira gaur arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean. 17.00tan hasi eta minutu gutxiren buruan amaitzea espero den batzarrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!