TXIRRI, MIRRI ETA TXIRIBITON, apirilaren 13an Santa Ana aretoan izango dira.

2013/03/25
Card image cap
Antxintxiketan kirol taldeak pailazo ikuskizun bikoitza antolatu du aurten ere.

  Berrikuntza hori da, leku aldaketa. Iaz, Zubikoako pilotalekuan egin zen baina aurten, eskainiko den ikuskizunari hobeto datorkiolako, Santa Ana aretoan egingo da. Izan ere, Txirri, Mirri eta Txiribitonek TERAPIA izeneko ikuskizun berria Oñatin estreinatuko baitute.

  “TERAPIA” ikuskizuna birritan eskainiko da: arratsaldeko 4retan eta 6retan eta ordubete inguruko iraupena izango du.

  Sarrerak dagoeneko salgai daude Mizke eta Kiku gozoki dendetan. Baina eskaintza eskualdera zabaldu nahi izan du Antxintxiketan taldeak eta Arrasaten eta Bergaran ere sarrerak eskuratzeko aukera dago. Sarrerak, 6 eurotan erosi beharko dira.

  Santa Ana aretoak Zubikoako frontoiak baino aforo txikiagoa duen arren, zenbakiak doitzen, ajustatzen ibili direla adierazi dute Antxintxiketan taldeko ordezkariek eta sarrera prezioa, iazkoaren pare mantentzen dela azpimarratu dute.

  Antxintxiketan taldea, atletismo taldea izanik ere bestelako gizarte ekintzak antolatzeko interesa duen taldea ere bada. Iaz pailazo ikuskizuna programatzen hasi ziren baina aurretik, Debagoienako ZIG geletako ikasleekin ekintza bereziak egin dituzte. Etorkizunean, bide beretik jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute. Taldeak udalarekin orain bizpahiru urte sinatu zuen hitzarmenak, kirol arlotik haratago, kultura edo sozial arloko beste ekintza batzuk antolatzeko bidea eman diela azaldu dute. 

  Gogoratu, TXIRRI, MIRRI ETA TXIRIBITON pailazoen TERAPIA ikuskizun berria, apirilaren 13an Santa Ana antzokian ikusi ahal izango dela, arratsaldeko 4ak eta 6etako emanaldi bikoitzean.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!