Oneko Oñatiko Energia Komunitatearen bazkide laguntzaile bihurtu da Fagor
Hitzarmena sinatu dute Onekok, Oñatiko Energia Komunitateak, eta Fagor Taldeak. Horren arabera bazkide laguntzaile bihurtu da Fagor; 110.000 euroko ekarpena eta kooperatiben funtzionamenduan eta proiektu komunitarioetan duen jakintza jarri du mahai gainean Fagorrek, bidelagun izateko eskaintzan. Lehenago ere Fagorrek antzeko bazkidetza hitzarmenak sinatu ditu eskualdeko beste energia komunitateekin, hauen ekarpena esanguratsua delako trantsizio ekosozialaren eta iraunkortasunaren bidean eta horretan bat datozelako Fagorren iraunkortasun estrategiarekin, Aritz Otxandiano Fagor Taldeko iraunkortasun arduradunaren esanetan.
Onekoko lehendakari Raul Garciak oso garrantzitsutzat jo du sinatutako hitzarmena, egonkortasun ekonomikoa eta hurbileko kooperatiba talde handi baten babesa emango dielako. Jasotako dirua ez da berehalakoan gastatuko eta etorkizuneko proiektuetarako oinarri edo funts moduan gordeko da. Onekok oso aurreratuta dauka gauzatuko duen lehen proiektua: Eltziako teilatuaren zati batean instalazio fotovoltaikoa egitea, alegia. Egitasmo horren helburu nagusia ez da dirua aurreztea soilik baizik eta energia trantsizioan eragitea, behetik gorako ikuspegitik Raul Garciak adierazi duenez:
Egun 48 bazkide biltzen ditu Onekok baina gehiago zabaldu asmo da eta horretarako garrantzitsua izango da energia komunitatearen lehenengo proiektua. Eskuartean darabiltena uztailaren 8an aurkeztuko dute Kultur Etxean egingo den bilera irekian. Zine aretoan izango da, 19:00etan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!