Oñatiko udala

Tximeleten inguruko ikastaro teoriko-praktikoa antolatu du Natur Eskolak Zerhyntia taldearekin elkarlanean

2017/06/15
Card image cap
Uztailaren 1 eta 2an izango da eta izen-ematea zabalik dago

  Zerhyntia taldea tximeleten babeserako sortu zen elkartea da. Oñatira, zumardietan bizi den tximeleta zuriaren haritik iritsi ziren. Zumarrak desagertzen ari dira gaitz batek jota eta aipatu tximeleta zuriak ere geroz eta gutxiago dira ondorioz. Arantzazun, Iturrigorri inguruan ordea, badira bai zumarrak eta baita tximeleta zuriak ere. Martxoan gainera zumarra gehiago landatu ziren Zuhaitz egunaren baitan, Zerhyntia taldeak proposatuta. Orduan ezagutu zituzten taldeko kideak natur eskolako arduradunek. Orain, elkarlanean oinarrituta berriro ere, tximeleten inguruko ikastaro teoriko-praktiko hau antolatu da. Ikastaroa gaian adituak diren Zerhintya elkarteko kideek emango dute.

  Larunbatarekin etorriko den uztailaren 1ean, goizez, teoria landuko da natur eskolan eta tximeleten identifikazioaz, biologiaz eta beste hainbat gairi buruz berba egingo da. Arratsaldean eta gauean berriz, eguneko eta gaueko tximeletak harrapatu eta identifikatzeko ibilaldiak egingo dira herri-gunean. Eta uztailaren 2an amaitzeko, goi mendietako tximeletak ezagutuko dira Aizkorri aldera irteera eginda.

  Ikastaro teoriko-praktiko hau doan da baina parte hartzeko aurrez izena ematea eskatzen da. Horretarako, Natur Eskolara telefonoz deitu behar da: 943.726404 zenbakira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!