Txillardegik euskara batuari egindako ekarpena gogoratu eta aitortuz hitzaldia eta plaka jartzea antolatu dira

2018/09/20
Card image cap
Arantzazun oroimen plaka jartzeko eskaera mozio gisa onartu zen maiatzeko Osoko bilkuran

  Txillardegi Goraipatzeko Elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatu duten ekitaldi sorta, irailaren 26 eta 27an gauzatuko da. Irailaren 27an, hain zuzen ere, Jose Luis Alvarez Enparantza jaio zeneko 89. urteurrena beteko da. Hori gogoan, plaka bat jarriko da Arantzazuko Milikua etxearen fatxadan, Txillardegik ostatua askotan bertan hartu zuela gogorarazteko.

  Irailaren 26an Txillardegi nor zen eta euskara batuari bereziki egin zion ekarpena azaltzeko, film emanaldia eta hitzaldia antolatu dira. Pantailaratuko den filma laburra izango da: Txillardegiren egunkari ezkutua izenburua dauka eta Kote Camachok zuzendu zuen. Filma ikusi ondoren, Fito Rodriguez irakasle eta idazleak hitza hartuko du eta Txillardegi aintzindaria hitzaldia eskainiko du. Ekitaldiok, Kultur etxean izango dira 19:00tan hasita.

  Ekintza hauen lehen iragarpena maiatzeko Osoko Bilkuran egin zen, plaka jartzeko eskaeraren inguruko mozioa aho batez onartu zenean. Orduan Jose Luis Alvarez Enparantza  Txillardegi zenak Oñatirekin zuen familia lotura eta Arantzazun egin zituen egonaldiak gogoan hartu ziren. Idazle, irakasle eta politikari donostiarrak Araotz auzoan zituen erroak, amaren aldetik, eta euskara batuaren sustatzaile nagusietako bat izan zen. Kontuan hartuta euskara batuak Arantzazun lehen urratsak eman zituela 50 urte betetzen direla, Txillardegiren ekarpena ezagutzera emango da datorren astean gurean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!