Txiki-Txoko haurtzaindegia handitzeko lanak publizitaterik gabeko prozedura negoziatu bidez esleituko dira.

2013/06/18
3 enpresari proposamena aurkezteko eskaera egin zaie. Hartarako epea, ostiralean amaitzen da.

  Txiki txoko haurtzaindegia berritu eta handitzeko lanak lehenbailehen egitea komeni da. Hala, osteguneko tokiko gobernu batzarrean Isabel Gordea arkitektoari eskatutako proiektua onartu zen eta ostiralean bertan, 3 eraikuntza enpresa esleipen prozesuan parte hartzera gonbidatu ziren. Izan ere, titularrean aurreratu bezala, lanak adjudikatzeko, publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiltzea erabaki baitzen tokiko gobernu batzarrean.

  Egungo beharretara egokitzeko Txiki txoko haur-eskolan bi lan nagusi egingo dira: egungo instalazioak berrantolatuko dira eta eraikin berria egingo da eraikin nagusia eta psikomotrizitate gela arteko gunean. Aipatu berrantolatze lan horren ondorioz, Txiki Txokok egun dituen 3 geletatik 2 egingo dira, txiki geratu den bulegoa handituko da eta sukaldea berrituko da. Eraikin berria ere egingo da. Lanak amaituta, haur eskolak lau gela izango ditu, gaur egun baino bat gehiago.

  Zerbitzuaren funtzionamendua bermatzeko, eraikin barruko lanak udako oporretan egingo dira: uztaila amaieran hasi eta abuztuan amaitu beharko dira irailerako prest egoteko. Handitze lanak berriz, azaroan amaitzea komeni da, eraikin berria urtarrilerako martxan egon dadin.

  Guzti hori gogoan hartuta, lana egiteko oinarrizko baldintza plegu bat osatu da. Lanak egiteko epeari dagokionean, hiru hilabeteko tartean egin beharko direla zehaztu da, hau da, azaroaren 30erako jada amaituta egon beharko dutela zehaztu da. Baina epe partzial bat ere ezarri da egungo eraikinaren barruan egin beharreko lanen ingurua. Kasu honetan, berrantolaketa lanak abuztuaren 23rako amaituta egon beharko direla jaso da.

  Lanak egiteko aurrekontua ere finkatu da, 147 mila euro BEZa barne delarik. Hori bai, kontratua esleitzeko irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango da.

  Txiki txoko haurtzaindegia berritu eta handitzeko proiektua onartu eta berehala, adjudikazio prozesuan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien hiru eraikuntza enpresari. Astebeteko epea eman zaie euren proposamen ekonomikoak aurkezteko. Epea, ostiralean amaituko da. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!