Txiki-Txoko Haurreskola berritua etzi, ostiralean inauguratuko da.

2014/01/08
90 metro koadroko espazio berria eraiki da, bi gela, komuna eta logela egokituz.

  Txiki txokoko eraikin nagusiaren eta psikomotrizitate gelaren artean zegoen terrazan eraiki den espazio berria, 1-2 urteko haurrei zuzenduta egongo da. Bertan, esan bezala, bi gela, komuna eta logela egokitu dira. Gune berri honetan, zoru erradiatzailea jarri da. Hau da, kalefakzio sistema zorupean jarri da, haurrek lurrean eserita eta jolasean denbora asko ematen dutela kontuan hartuta. Gela guztiek gainera berdegune-jolaslekura irteera zuzena dute.

  Gune berria eraikita irabazi den espazioari esker, eraikin nagusian ere hainbat egokitzapen egin ahal izan dira: haur txikienen geletan, 0-1 urteko haurrentzako geletan, office bat egokitu da. Haurrentzako jantokia eta langileen bulegoa ere handitu eta egokitu dira, eta zenbait azpiegitura berritu dira: saneamendua edota argindarra sareak, esaterako.

  Bestalde, biltegi bat ere egokitu da psikomotrizitate gelaren ondoan. Azken hilabete hauetan egin diren handitze eta egokitzapen lan hauei esker, Txiki Txoko haurreskolan, 0-2 urte arteko 40 haurrentzako tokia izango da aurrerantzean, orain artekoak baino 8 gehiago. Eta horiek betetzeko matrikula epea datorren astean zehar izango da. Aurrez, instalazio berrien inaugurazioa egingo da eta ate ireki jardunak ere bai, ostiralean eta larunbatean hain zuzen ere.

  Ostirala, arratsaldeko 18:00etan, inauguratuko da Haurreskola berritua. Hurrengo egunean berriz, larunbatean Txiki Txoko zabalik egongo da nahi duten herritar guztiek instalazio eta ekipamendu berriak ezagutu ditzaten. Ate ireki jardun hauek, zapatu eguerdian, 12:00etatik ordu bietara izango dira. Eta datorren astean, urtarrilaren 13tik 17ra martxotik aurrera haurtzaindegian hasiko diren haurrei begira matrikula egiteko aukera izango da.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Kontzejupetik aldizkaria