Txatxilipurdi enpresak jarraituko du ludoteka, udaleku irekiak eta haur eta nerabe etorkinen bertakotze programa kudeatzen

2017/02/14
Haur eta gazteentzako hainbat zerbitzu esleitzeko prozedurara aurkeztu zen enpresa bakarra da Arrasatekoa

  Enpresak osatu zuen zerbitzu memoria eta eskaintza ekonomikoa aztertu eta baloratu ondoren, kontratazio mahaiak ontzat eman du Txatxilipurdiren proposamena. Horrelakoetan egin ohi denez, hainbat egun eman zaizkio dokumentazioa aurkeztu eta behin betiko esleipena gauzatzeko. Okerrik ezean beraz, udalak Txatxilipurdi elkartearekin kontratu berria sinatuko du, ludoteka, udaleku irekiak eta haur eta nerabe etorkinen bertakotze programaz arduratu dadin. Hasierako kontratua urtebeterako izango da baina beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Urteko kontratuaren aurrekontua 130.900 euro izango da.

  Bete beharreko zerbitzuak hiru direnez, bakoitzak duen berezitasunetara egokitutako bitartekoak jarri beharko ditu Txatxilipurdi elkarteak, beti ere, dituzten helburuak betetzeko. Txaloka ludoteka esaterako, 4-9 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta heziketa proiektu baten laguntzaz eta denbora librean ekintza ludikoen bitartez haurren garapen sozial, afektibo eta kognitiboa gauzatzea da helburua. Udaleku irekiak 4-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako udako aisialdi programa da. Bertakotze programa berriz, 5-16 urte bitarteko haur eta nerabe etorkinei zuzendutako zerbitzua da eta azken helburu gisa, Oñatira etorritako neska mutilak ahalik eta eperik laburrenean integratzea da. Txatxilipurdik, aipatu hiru zerbitzuen planifikazioa, komunikazioa eta ebaluazioa egin beharko du zuzeneko arreta eskaintzeko pertsonala jartzearekin batera. Ludotekan eta bertakotze programan bina teknikari jarri beharko ditu. Udaleku irekietan aldiz, koordinatzaile lanetan arituko diren bi langile izendatu beharko ditu eta udalarekin harremanetarako arduradun bat ere bai.

  Udalak eta Txatxilipurdi elkarteak kudeaketa kontratu berria sinatuko duten arren, aipatu hiru zerbitzuen egunerokoan apenas igarriko da, enpresa, 2014tik arduratzen baita ludoteka, udaleku irekiak eta bertakotze programaz.

Iturria: Oñati Irratia

Txatxilipurdik kudeatzen jarraituko duen udal zerbitzuetako bat